Debegesak eta Mutrikuko Udalak etxeko energia diagnostikoa egiteko neurtze apartatuak eskainiko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Energia argituz kanpainaren baitan, etxeko energia diagnostikoa egiteko neurtze aparatuak eskainiko ditu Debegesak, udalekin elkarlanean. Tresnen maletatxoa udalerrietako liburutegieran lortu daiteke mailegu bidez.
Etxeko energia diagnostikoa egiteko neurtze aparatuak.Debegesa. Debabarrena osatzen duten udalerrietako udalek eta Debegesak etxeko kontsumoa norbere kabuz diagnostikatzeko maletatxoak jarri dituzte herritarren eskura. Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako Energia Argituz kanpainaren baitako ekimena da honakoa, eta etxebizitzaren energia eraginkortasunarekin lotutako neurketa sinpleak egiteko maletatxoak eskaintzen ditu.
Mutrikuko herritarrek liburutegian eskuratu dezakete maletatxoa, eskaria egin eta hamalau eguneko epean. Horretarako, maletatxoaren eta erreminten erabilera arduratsua izan beharko du erabiltzaileak, eta hartzeko orduan identifikazio dokumentua erakutsi beharko du. Horrez gain, baldintzak onartzeko dokumentua sinatu beharko du herritarrak.
Maletatxoan etxean neurketak egiteko erreminak egongo dira, eta hauen erabilerak ez du inolako ezagutza teknikorik eskatzen: “Interesdun pertsona orok erabili ahal izango ditu, pausoz pauso, erreminta bakoitzaren jarraibideak azaltzen dira eta”. Aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitatea kontsumoaren neurgailua, hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa izango dira herritarren eskura egongo diren tresnak. “Emaitzak bai edo ez markatzeko laukitxoak ditu, eta erantzunen arabera, fakturan aurrezteko neurri erraz batzuk gomendatzen ditu”.
Debegesak zalantzak argitzeko bideak ireki ditu; liburutegian bertan zerbitzuaz galdetu daiteke, baita 9433 82 01 10 telefonora deitu edo agenda2030@debegesa.eus helbidera idatzi.