Odol emaileen autobusak Lea-Artibai eta Mutriku zeharkatuko ditu urte amaierara arte
Azaroan Ondarroan, Markina-Xemeinen, Lekeition eta Berriatuan egongo da odola emateko aukera, eta abenduan, Mutrikun.
Odola emateko autobusa. Odol emaileen autobusa eskualdeko bideetatik dabil egunotan. Urtea amaitu ordurako hainbat hitzordu zehaztu ditu Euskadiko Odol Emaileen elkarteak Lea-Artibai eta Mutrikuko biztanleek odola emateko aukera eskutik-eskura eduki dezaten. Hala, Ondarroan, Markina-Xemeinen, Lekeition, Berriatuan eta Mutrikun egongo da odola emateko aukera.
Ondarroari dagokionez, barikuan [azaroak 7] 17:00etatik 20:30era egongo da odola emateko aukera, Itsasaurre pasealekuan. Markina-Xemeinen, ostera, azaroaren 20an helduko da autobusa, eta plazan egongo da 16:45etik 20:45era. Jarraian, lekeitiarren eta ingurukoen txanda izango da, eta azaroaren 21ean goizez nahiz arratsaldez edukiko dute odola emateko aukera, Independentzia plazan: 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era. Azaroko azken hitzordua Berriatukoa izango da, eta azaroaren 22an, 09:45etik 13:30era egongo da odola emateko akera.
Mutrikuarren txanda, ostera, abenduaren 19an izango da. 17:00etatik 20:00etara egongo da odola emateko aukera, osasun etxean. Euskadiko Odol Emaileen elkarteak jakitera eman duenez, AB- odol motaren premia dute gehien, eta horiek odola ematea “premiazkoa” dela esan dute. O+, O-, A+ eta A- odol mota dutenei, ostera, hurrengo bi edo hiru egunetan odola emateko eskatu diete, eta B+, B- eta AB+ odol mota dutenei, euren herriko hurrengo odol bilketan odola emateko eskatu diete.
Egunez-egun.
- Ondarroa. Azaroak 7, 17:00-20:30, Itsasaurren.
- Markina-Xemein. Azaroak 20, 16:45-20:45, plazan.
- Lekeitio. Azaroak 21, 10:00-13:30 eta 17:00-20:30, Independentzia plazan.
- Berriatua. Azaroak 22, 09:45-13:30, plazan.
- Mutriku. Abenduak 19, 17:00-20:00, osasun etxean.