Tradizioz beteta ospatu dute Arimen Gaua
Lea-Artibai eta Mutrikun askotariko ekimenak egin zituzten Arimen Gaua ospatzeko.
Arimen Gaua, Aulestin. Eneritz Longarte. Euskal Herriko txoko askotan bezala, urriaren 31n Arimen Gaua ospatu zuten Lea-Artibai eta Mutrikuko zenbait herritan. Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar eta Mutrikun hamaika ekintza antolatu zituzten astebururako.

Egun seinalatua izaten da honakoa Mutrikun, eta herritarrek “goi-goitik” ospatzen dute. Aurten ere, ez da planik falta izan. Izan ere, Barikutik hasi eta domekara bitarte, egitarauak ez du etenik eduki. Ohi legez, iluntzeko Axuri beltza kalejiran batu ziren, eta ondoren, mamua erre zuten, Palestinaren aldeko aldarriek plaza hartzen zuten bitartean. Aurretik, ordea, Gure Ametsa dantza taldekoek emanaldia eskaini zuten. Mamua erre bitartean, gainera, Talaixako mamuaren kondaira kontatu zuten antolatzaileek, urtero legez.
Bestalde, gainerako herrietan ere askotariko egitarauak antolatu zituzten. Amoroton, baserriz baserri ibili ziren, eskean; Aulestin, gaztainerre tailerra antolatu zuten, eta beldurrezko ibilbidea osatu; Berriatuan aurpegia margoztu, eta gaztaina erreak eta txokolate beroa jateko aukera izan zuten; Etxebarrian desfilea egin zuten, eta ondoren, plazan batu ziren guztiak dantzatzeko prest; Lekeition kalabazak husteaz gain, kalejiran batu ziren herritarrak, eta etxez etxe batutakoa elikagai bankura bideratu zuten; markina-xemeindarrak ere Andaparranda kalejiran batu ziren; Munitibarren mozorro tailerra egin zuten, baita edari magikoak dastatu ere; Ondarroan makillaje tailerrean batu ziren gaztetxoak, eta ondoren kalejira egin zuten; eta Ziortza-Bolibarren sormen lantegia eduki zuten.