Etxebarritarrek azaroaren 14ra arte parte hartu dezakete San Andres jaietako kartel lehiaketan
Etxebarriko Udalak lau sari banatuko ditu. Guraso Elkarteak antolatuta, domekan [azaroak 9] lanak eskolako jantokian egiteko aukera egongo da.
                    Iazko irabazleak.Etxebarriko Udala                Hilabete baino gutxiago geratzen da San Andres egunerako, eta hasi dira jada prestaketak lanetan etxebarritarrak. Hala, urteroko legez, kartel lehiaketa ipini du martxan Etxebarriko Udalak.
Zelan ez, San Andres jaiak izango da aurtengo gaia. Kartelak teknika librean egin daitezkeen arren, ezinbestekoa izango da Din A3 tamainakoak izatea. Lanak sinatu barik aurkeztu beharko dira azaroaren 14a baino lehen udaletxeko udal bulegoetan, 12:00ak eta 14:00ak bitartean.
Guztira lau sari banatuko dituzte: 0-5, 6-9 eta 10-17 urte bitartekoentzat, eta nagusientzat. Jakitera eman dutenez, saria jasotzeko ezinbestekoa izango da Etxebarrian erroldatuta egotea edo umeak Etxebarriko eskolan ibiltzea. Umeei dagokienez, Guraso Elkartearen eskutik, domekan [azaroak 9] lanak eskolako jantokian egiteko aukera egongo da, 16:00etatik 17:30era.