Leartibai Fundazioak enpresa txiki eta ertainentzako marketin-jardunaldia eskainiko du
'Zure enpresa arrakastaz aurkezteko bost gako' online jardunaldia egingo dute, barikuan [azaroak 7].
Leartibai Fundazioak martxoan ipini zuen martxan Salbide proiektua, Bizkaiko enpresen lan komertziala profesionalizatu, merkatuaren dibertsifikazioa sustatu eta merkataritza estrategien bidez lehiakortasuna hobetzen laguntzeko asmoz. Hala, barikuan [azaroak 7] Zure enpresa arrakastaz aurkezteko bost gako online jardunaldia egingo dute.
09:00etatik 10:30era izango da jardunaldia, eta Lea-Artibaiko industria sektoreko eta industriari lotutako zerbitzuetako enpresei eta autonomoei dago zuzenduta. Jakitera eman dutenez, ikuspegi praktiko “osoa” izango du: “Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen marketin-beharrak lantzera bideratuta egongo da”. Hala, gako diren hainbat alderdi jorratuko dituzte: “Besteak beste, bezero potentziala identifikatu eta ezagutzeko moduak, bezeroaren ibilbidea edo customer journey diseinatzea, balio-proposamena modu argian komunikatzea, komunikazioa online eta offline egokitzea, eta saihestu beharreko ohiko akatsak landuko ditugu”.
Leartibai Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute jardunaldia bere osotasunean. Jardunaldian interesa dutenei Leartibai Fundazioarekin harremanetan ipintzeko eskatu diete.