Tripontziak ekimen gastronomikoa hasiko da barikuan
Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamabigarren edizioa ospatuko da azaroaren 7tik 30era Debabarrenan. Mutrikuko Pikua jatetxeak ere hartuko du parte ekimenean.
Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamabigarren edizioa jarriko du martxan azaroaren 7tik 30era. Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko zazpi jatetxek hartuko dute parte, horien artean, Mutrikuko Pikua jatetxea. Hala, parte hartzen duten jatetxeetan bertako produktuekin egindako menu bereziak eskainiko dituzte 38 eurotan.
Debegesatik adierazi dutenez, ekimenaren helburuak garaian garaiko eta bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko establezimenduak eta ekoizleak ezagutaraztea dira. Gainera, aurten ere, Eusko Jaurlaritza turismo eta Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo departamentuaren babesa du ekimenak.
Mutrikuko Pikua jatetxea, Eibarko Baratze Taberna, Elgoibarko Belaustegi, Mallabiko Trabakua Behekoa ets Debako Hiru Bistro, Urgain eta Itsaslabarrak jatetxeek parte hartuko dute, eta uneko eta tokiko produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzte, “jatetxe bakoitzak bereak”: “Menuak 38 eurokoak dira: aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina) eta Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Baita ere, Familia Valdelana upeltegiko ardo zuria eta ardo beltza”.
Debegesatik jakitera eman dutenez, jatetxe bakoitzaren menua dastatzeko beharrezkoa izango da bertara deitu eta erreserba egitea, Tripontziak menua dastatu nahi dela esanez. Hala, jatetxe bakoitzaren menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsultatu ahalko du interesdunak. Mutrikuko Pikua jatetxekoari dagokionez, honakoa izango da dastatzeko prestatuko duten menua: Gilda kurruskariak aperitibo gisa, ordubuak salteatuta onddoekin eta gorringo onduarekin hasierarako, zapo solomoa kalabazinean bilduta eta zigala zukuarekin, I. Oyarbide estiloko txerrikumea zatituta, tenperatura baxuan, eta Mendaroko txokolatezko fonduea, dips eta guzti, postre gisa. Hala, norbaitek menua dastatu nahi izanez gero, Pikua jatetxearekin harremanetan jarri beharko litzateke ondorengo telefono zenbakira deituta: 943 603 242.
Gainera, aurreko urteetan bezala, aurten ere, zozketa bat egingo da Tripontziak ekimenak irauten duen bitartean. Zozketan parte hartzeko jatetxeetan egongo diren kupoiak bete beharko dira, edo bestela, QRa beteta ere parte hartu daiteke. Parte hartzaile guztien artean bi irabazle egongo dira, eta bertako produktuekin osatutako otzara bana irabaziko dute.