‘Hil da jainkosa’ antzezlana aurkeztuko dute Munitibarren
Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria ondarrutarrak domekan [azaroak 9] igoko dira oholtzara.
Ainhoa Etxebarria Gomezek eta Nerea Gartzia Gartziak Hil da jainkosa antzezlana aurkeztuko dute domekan [azaroak 9], 18:00etan, probalekuko auditorioan. Udaletik gogoratu dute doako ekimena dela eta herritarrak bertaratzera animatu dituzte.
Hain zuzen ere, Etxebarriak Gartziaren hileta kontatzen du antzerkian. Barre eta hausnarketa artean, bi ondarrutarrek tradizioak zalantzan jartzen dituzte eta, azkenean, gure ondareagaz “gehiegi obsesionatuta” ote gauden galdetzen diote haien buruari. Bilboko Pabellon 6ko Antzerki Arinen Jardunaldiko Kriseilu saria irabazi zuten uda aurretik.
“Hiletei sua eman eta kentzeko eta naturaltasunez hartzeko helburuarekin sortu genuen Hil da jainkosa. Gero, jakina, gai sakonak ere badaude, eta kritikak ere bai. Bakoitzaren nartzisismoari buruz ere hitz egiten dugu”, dio Etxebarriak. “Kritika bat ere bada, gaur egun, dena modu makro batean egin nahi dugula mahaigainean jartzeko. Denok nahi dugu ezkontza, hileta, edo urte egun perfektua, eta kontrolpean duguna. Beraz, hori ere kritikatu nahi izan dugu”, gehitu du Gartziak.