15 urtetik gorakoek ere parte hartu ahalko dute Etxebarriko II. ipuin eta kontakizun laburren lehiaketan
LH1etik gorako eta Etxebarrian erroldatutako edonork parte hartu ahalko du lehiaketan. Azaroaren 12ra arte aurkeztu daitezke lanak.
Etxebarriko Udaleko Euskara Batzordeak iaz antolatu zuen lehenengoz ipuin eta kontakizun laburren lehiaketa, eta edukitako erantzun ona ikusita, aurtengoan bigarrenez antolatu dute. Helburuak berbera izaten jarraitzen du: euskarazko idazketa sustatu eta zabaltzea, ipuin eta kontakizun laburren generoa bultzatuz. Hala, lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 12a izango da.
Aurtengoan, gainera, parte-hartzeko adin-tartea zabalagoa izango da, izan ere, kategoria bat gehitu dute: 15 urtetik gorakoena. Horrekin batera, LH1 eta LH2, LH3 eta LH4, LH5 eta LH6 eta 12tik 14 urtera bitakoek kategoriak egongo dira. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da Etxebarrian erroldatuta egotea, eta partaide bakoitzak ipuin bakarra aurkeztu ahalko du, euskaraz.
LH1 eta LH2 mailakoek eskolan aukeratuko duten ipuin jakin bat oinarritzat hartu, eta ilustrazioz eta marrazkiz azaldu beharko dute; ilustrazioak esaldi edo testu laburrekin lagundu ahalko dituzte. LH3 eta LH4koek, ostera, gutxienez 50 hitzeko eta gehienez orrialde bateko lanak aurkeztu ahalko dituzte, eta LH5 eta LH6koek, gutxienez 100 hitz eta gehienez bi orrialdeko lanak. 12 urtetik aurrerakoek, ostera, gutxienez 200 hitz eta gehienez 350 hitzeko lanak aurkeztu ahalko dituzte, tarte bikoitza erabiliz idatzita, makinaz eta orriaren alde bakarretik.
Era berean, ipuinek originalak eta aurrez argitaratu gabeak izan behar dute, eta baita beste lehiaketa edo txapelketaren batean saritu gabeak ere. Gaineratu dutenez, lanek fikziozkoak izan beharko dute, eta hizkuntza edo irudi guztiek inklusiboak eta ez-sexistak izan beharko dute. Epaileek gaiaren edo edukiaren originaltasuna, testuaren literatura kalitatea eta hizkuntzaren kalitatea neurtuko dituzte.
Epaimahaia literatura eta euskalgintzako adituek osatuko dute, eta kategoria bakoitzeko irabazle eta sari bakarra emango dute. LH1 eta LH2koek 20 euroko saria jasoko dute, LH3 eta LH4koek, 30 eurokoa, LH5 eta LH6koek, 40 eurokoa, eta 12 urtetik 14 urtera bitartekoek eta 15 urtetik gorakoek, 100 euro kategoria bakoitzeko. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 29an egingo dute, Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldian, Etxebarriko kultur aretoan.
Lan bakoitzeko bi gutun azal aurkeztu beharko dira. Lehenengoaren barruan lanaren ale bat egongo da, izenpetu gabe, hau da, izenburuarekin baino ez. Bigarren gutunazalean, aldiz, egilearen datuak agertu beharko dira: izena, ikasmaila (12 urtera artekoek, eta gorakoek, adina), helbidea, telefonoa eta nortasun-agiriaren kopia bat. Bi gutun azalak itxita entregatu beharko dira, eta bien kanpoaldean honakoa agertu beharko da: egilearen ikasmaila 12 urtera artekoek, eta hortik gorakoek, adina, eta lanaren izenburua.