Hondartzaren zaintza, erdigunera
Artzabal Taldeak eta Aztertu programak bat egingo dute domekan [azaroak 9], Karraspion, uraren kalitatea eta hondartzaren egoera aztertzeko.
Domekan honetan [azaroak 9], Artzabal Taldeak eta Aztertu programak bat egingo dute Karraspio hondartzan, ingurumena eta elkarlana uztartuko dituen talde jarduera egiteko. 11:00etan hasita, hareatzaren egoera ikuskatzeko bilduko dira, baita uraren kalitate maila aztertzeko ere. Publiko guztientzako ekimena izango dela aditzera eman dute antolatzaileek: “Edonor etor daiteke; surflari nahiz hondartzazale, ume nahiz heldu”.
Ordu bi inguruko iraupena edukiko du egitasmoak, eta zabor bilketa ere egingo dute. Zabor hori, gainera, sailkatu egingo dute, bildu ostean. Amaieran, “doako materialak” lortu ahal izango dire adierazi dute, gure kostaldeko “txokoen osasuna” aztertzen segitzeko. Parte hartu gura dutenek izena eman behar dute. Izen emateari buruzko informazioa 747 42 99 33 telefono zenbakira deituta, aztertu@euskadi.eus posta elektronikora mezu bat idatzita edota www.euskadi.eus/aztertu web orrialdera jota topatuko dute.