Iraganaren pasarteak objektuen bidez kontatzen dituen podcasta
Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak Euskal Herriko historia 100 objektutan ekimenaren podcasta aurkeztu du. Objektuen bitartez, iraganaren pasarteak kontatzen dituen egitasmoa da, haurrei zuzendutakoa, eta komiki bat ere izango du lagun.
Intza Alkain, podcastaren aurkezlea. Euskal Herriko Wikilarien Elkartea Euskal Wikilarien Kuktura Elkarteak (EWKE) Euskal Herriko historia 100 objektutan ekimenaren inguruko podcasta plazaratu du. Proiektu horren jomuga nagusia da iraganaren pasarteak Euskal Herriko museoetako objektuen bitartez kontatzea. Orain, podcast formatuan egingo dute dibulgazio behar hori, hamar euskal idazleren laguntzarekin eta Berriarekin elkarlanean. “Letra larriz” idazten den historiatik “hurbilagokoak” diren kontakizunetaraino, denetarikoak onduko dituzte martitzenero egingo duten saioan.
Egitasmoaren gidoigintza ondu duten idazleak honakoak dira: Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Cira Crespo, Eneko Barberena eta Amets Aranguren. Objektu bakoitzaren “bizitza eta esanahia” izango dira kontaketen ardatzak, antolatzaileek azaldu legez: “Historian zehar izan duten erabilerari eta balioari hurragoko ukitu emanez”. Intza Alkainek jarriko dio ahotsa ataletako bakoitzari.
Lehendabiziko atala eman dute dagoeneko. Martitzenean [azaroak 4], Crespok entzuleak Barrikako kostaldera eroan zituen, Aranbaltzako lurra zulatzeko makila ezagutzera: “Paleolito aroko makil batek zer konta dakiguke gure historiari buruz? Nola heldu ote da gaur egun arte?”. Berriaren web orrialdean entzun daitezke saioak osorik, baita ehunobjektu.eus-en ere. Podcasta ez da berritasun bakarra: objektu bakoitzari buruzko komikia ere argitaratuko dute, gaztetxoenak “historiara hurbilarazteko”. Eñaut Aiartzaguenarekin batera ondutako Ikasi Otsorekin komikiek podcastean aipatutako objektua marrazki koloredunetara eroango dute, horiek modu “grafiko, erakargarri eta ulergarrian” plazaratzeko. Komikia ere, ehunobjektu.eus-en eskuragarri egongo da; horrez gain, Txikipedian eta Euskarazko Wikipediaren sare sozialetan ere bai.