Markina-Xemeinen hasiko da XX. Bizkaiko Hotsak organo jaialdia
Bihar [azaroak 7] Miriam Cepeda organo jotzailearen eta EHU abesbatzaren kontzertua egongo da Markina-Xemeinen. Jaialdia abenduaren 28an amaituko da, Zeanurin.
XX. Bizkaiko Hotsak organo jaialdiak zortzi geldialdi edukiko ditu aurten, eta bihar [azaroak 7] Markina-Xemeinen emango diete hasiera jaialdiari. Xemeingo elizan 19:30ean emango diete hasiera saioari, eta musika sakratuaren giroan murgilduko dira entzuleak. Miriam Cepeda organo jotzailearen maisutasunak eta EHU Abesbatzaren indarrak, Aitor Biain zuzendariaren gidaritzapean, bat egingo dute Xemeingo elizan; bakarlariak Rakel Urkijo mezzosopranoa eta Karlos Etxaniz baritonoa izango dira.
Sarrera librea izango da, baina toki mugatuak egongo dira. Jakitera eman dutenez, kontzertua pantaila handi batean proiektatuko dute, elizako txoko guztietatik musikarien lana ikusi eta entzun ahal izateko. Maurice Durufle (1902-1986) frantziar konpositore eta organistaren bi obra nagusi bilduko ditu kontzertuak: Choral varie sur le theme du Veni Creator, Op. 4, organorako, eta Requiem pour soli, choeur et orgue, Op, 9 (1947). Durufleren musikak “gregoriar melodiaren edertasuna eta harmonia modernoaren findura bikain” uztartzen dituela adierazi dute antolatzaileek: “Entzungo ditugun bi lanak bere ekoizpen selektu, heldu eta zainduaren adibide bikainetakoak dira”.

Markina-Xemeingo organoa.Pablo Cepeda
Interpreteak, gainera, ez dira nolanahikoak. EHU Abesbatzak urte luzeetako ibilbidea dauka, 1977an sortu baitzen, eta 2016az geroztik Biainek zuzentzen ditu bertako abeslariak: “Abesbatzak errepertorio zabala garatu du, polifoniatik hasi eta obra sinfoniko koral handietaraino”. Azken urteotan, esaterako, hainbat programa arrakastatsu sortu ditu, eta 2024an Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartu zuen Miriam Cepedarekin batera Duruflek sortutako Requiem-arekin.
Markina-Xemeingoa, beraz, ez da izango EHU Abesbatzak eta Cepedak batera eskainiko duten lehenengo kontzertua. Cepedari dagokionez, Bilbon jaioa da, eta organoaren munduan ibilbide sendoa dauka. Piano, Solfeo eta Musika Pedagogiako goi mailako tituluak lortu zituen lehenengo, eta gero Organo eta Klabe titulu profesionalak eskuratu zituen; organoko goi mailako titulua Musikenen lortu zuen, puntuazio altuenarekin. Gaur egun Begoñako Andra Maria Basilikako organo jotzailea da, eta baita Jesus de Monasterio Santanderreko kontserbatorioko irakaslea ere.
Hurrengoak. Markina-Xemeingoaren ostean, beste hamaika kontzertu eskainiko dituzte XX. Bizkaiko Ahotsak organo jaialdiaren baitan. Zapatuan [azaroak 8] Bilboko Begoñako Andra Maria Basilikan Enrique Martin Laguna entzuteko aukera egongo da, 20:00etan. Hurrengoak Plentzian (azaroak 14), Mañarian (azaroak 15), Loiun (azaroak 29), Bilbon (abenduak 6), Abadiñon (abenduak 26) eta Zeanurin (abenduak 28) izango dira.