Mutrikuko Udalak auzoz auzoko bilerak egingo ditu
Azaroaren 20, 22 eta 24an izango dira aurrez aurreko bilerak, Zabiel kultur etxean. Hala ere, beste bide batzuk ere eskainiko ditu udalak iritzi eta iradokizunak jasotzeko.
Herritarren beharrak, kexak eta iradokizunak zuzenean entzuteko helburuarekin, auzoz auzoko bilerak egingo ditu Mutrikuko Udalak datozen asteetan. “Urtero egiten ditugu guretzat oso garrantzitsua delako herritarrek esateko dutena entzutea, hurbileko kontaktu horrek benetan beharrezko diren aldaketak eta hobekuntzak egiteko giltza direlako”, azaldu dute Mutrikuko Udaletik.
Aurrez aurreko bilerak azaroaren 20an, 22an eta 24an izango dira. Hala ere, aurten, lau modu ezberdin izango dituzte herritarrek udalari erregu edo galderak helarazteko: online, zuzenean, etxean jasoko duten eskuorria beteta eta udaletxean, turismo bulegoan edo liburutegian jarritako buzoietara botata, eta Youtuben iruzkin bat jarrita bileran zuzenean dauden bitartean. “Herritarren ahotsa entzun nahi duzu, idatziz, online edo aurrez aurre, eta gainera, bilerara etorri ezin duten herritarrek internet bidez zuzenean edo ondoren jarraitu ahal izango dute bileraren nondik-norakoak”.
Bilerak Zabiel kultur etxean izango dira, guneka banatuta; beraz, egun bakoitzean guneari dagokion kexa, iritzi eta iradokizunak erantzungo dituzte udal ordezkariek.
Azaroaren 20an [eguena] izango da lehenengo bilera, 18:00etan, eta ondorengo guneei buruz hitz egingo da: Txurruka Plaza, Domingo Ibaibarriaga, Erdiko kale, Konde kalea, Atxitxin kale, Atxitxin Aldapa, Beheko plaza, Barrenkale, Ipar kale, San Gil, Frontoiko aldapa, Sabanika, Azkiaga, Feliz Txurruka, Tranpa kale, Moila kalea, Piñastegi, Burumendi, Ibirriga, Isabel Lobiano, Samikolla eta inguruak.
Azaroaren 22an [zapatua], 11:00etan batuko dira ondorengo guneei buruzko iritzi edo iradokizunak partekatzeko: Landa eremuak, Pikupe eta Urazamendi.
Azkenik, azaroaren 24an [astelehena], 18:00etan batuko dira. Jose Antonio Ezeiza, Agirre Lehendakaria, Madalena, San Migel, Gaztañeta Almirantea, Jose Maria Altzibar, Entzus, Txurruka Tenienteak, Iriagirre, San Agustin, Hirigibel, Olatz Bidea eta inguruko guneak izango dituzte hizpide.