Zesta-punta komunitateari eskainitako murala, munduko onenen artean
Mikele Irazustak Euskal Diasporaren Egunaren harira Markina-Xemeinen egindako murala munduko urriko mural onenen arteko lehian sartu da. Herritarrek aukeratuko dute urriko muralik onena zein den, eta horretarako botoa astelehenera arte [azaroak 10] eman daiteke.
Bekobenta kaleko 10. zenbakian dago murala.Mikele Irazusta Askotan, horma baten gainean margotzen dena ez da pintura huts izaten: oroitzapena da, sustraiak dira, eta identitate baten arnasa da. Horixe da, hain zuzen ere, Mikele Irazusta artista argentinarrak Markina-Xemeinen ospatu zen Euskal Diasporaren Egunerako sortu zuen muralarekin egindakoa. Mundu osoko kaleko artezaleen arreta piztu du lanak, eta Street Art Cities atari ospetsuak 2025eko urriko munduko mural onena izateko hautagai aukeratu dute Irazustaren lana.
Irazustaren hitzetan, murala zesta puntako jokalari guztiei egindako omenaldia da, “munduko frontoietan euskal kultura zabaldu duten guztiei” eskainia. Artista bera ere diasporaren parte da, eta @mikele.arte bere Instagram kontuan azaldu duenez, harro sentiarazten dio horren maila altuko muralgileen artean bere lana hautatu izanak. Bekobenta kaleko 10. zenbakian margotu zuten zesta puntari eskainitako murala, eta 15 metroko altuera eta 9 metroko zabalera dauka.
Irazustaren lanak Euskal Diasporaren Eguneko ekintzak biribildu zituen, eta zesta-punta komunitateari egindako aitortza betirako islatuta utzi zuen herriko kaleetan zehar. Street Arti Cities atariak egin du lehenengo aukeraketa, eta orain herritarrek aukeratuko dute urriko munduko muralik onena zein den. Irazustaren lana bozkatu nahi dutenek, streetartcities.com atarian sartu beharko dute, urriko bozketen atalean. Bertan, Mikele Irazusta bilatzailean idatzi, eta gustuko lan bezala hautatu beharko da. Azkenik, botoa baieztatu beharko da, norbere posta elektronikoa idatziz; beharrezkoa izango da posta elektronikoa idatzi ostean heltzen den mezutik botoa baieztatzea, bestela, ez dute kontuan hartuko. Astelehenera arte [azaroak 10] dago bozkatzeko aukera, eta irabazleak egun berean jakinaraziko dituzte, 22:00etan.