"Nasapuntako kirola ez da bakarrik ikuskizuna: gure herriaren indarra da"
Ondarroako Aurrera Kukaña Taldeko kidea da Kevinth Cardona Patiño (Ondarroa, 2001), eta iaz Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa irabazi zuen. Kukaña Taldeko kideekin batera, urtero antolatzen du Euskal Herriko Txapelketa, gero eta oztopo gehiagogaz. Kirol horren aldeko militantea da: "Ezin dugu onartu gure herriaren ondarearen zati bat galtzea".
Iaz Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa irabazi zenuen, eta aurten berriz saiatu zara, baina ez da erraza izan. Irabazi ez arren, nola bizi izan duzu bigarren aldi hau?
Poz handiz bizi izan dut, nahiz eta aurten ez dudan irabaztea lortu. Lehenengo urtean, dena berria zen, ilusioz beterik geunden, eta aurten erronka handiagoa izan da: jende gehiago, maila handiagoa eta ikusmin handiagoa. Baina hori da politena, lehiakortasuna eta giroa mantentzea.
Zuok, Aurrera Kukaña Taldeko kideok, zarete txapelketaren motorra. Nolako egoeran zaudete orain?
Egia esan, gero eta nekezagoa egiten zaigu guztia antolatzea. Urteak pasa ahala, jendea nekatu egiten da, eta boluntario berriak aurkitzea kostatzen ari zaigu. Gainera, diru laguntzak eta babesleak lortzea gero eta zailagoa da. Badirudi denek gustura ikusten dutela ekitaldia, baina atzean lan handia dago. Horregatik, askotan zalantza sortzen zaigu: nola segitu aurrera?
Eta, hala ere, zuek aurrera egiten duzue. Zerk motibatzen zaituzte?
Herriak berak, batik bat. Ondarroako jendeak asko estimatzen du kukaña; herriko nortasunaren parte da. Gainera, gazte asko hurbiltzen dira orain, eta sare sozialen bidez ere ikusgarritasuna handitu dugu. Horrek indarra ematen digu.
Sare sozialen aipamena egin duzu, eta hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren bideo batzuek oihartzun izugarria eduki dute, milioika ikuspenekin. Espero zenuten horrelako oihartzuna edukitzea?
Ez, ez genuen espero hainbestekoa izatea. Bideoak jarri genituen, batez ere, gure artean partekatzeko eta lagunen artean zabaltzeko, baina egun gutxitan konturatu ginen milioi bat pertsonak ikusi zituela! Horrek erakusten du jendeak oraindik ere gustura ikusten duela kirol herrikoia, benetakoa, filtrorik gabea. Sareek lagundu digute gure lana mundura zabaltzen.
Iaz Euskal Herriko lehenengo txapelduna izan zinen. Zer gogoratzen duzu egun hartatik?
Une hura sekulakoa izan zen. Egun berean antolatzaile, parte hartzaile eta irabazle izatea ez da erraza. Ikurrina altxatu nuenean, emozio handia sentitu nuen: urteetako lanaren emaitza zen. Ez nuen niretzat bakarrik egin, Aurrera Kukaña Talde osoarentzat izan zen garaipena.
Nola bizi duzu zuk kukaña, barrutik? Kirol moduan, ala jai tradizio baten barruan?
Biak dira. Tradizio batetik dator, baina kirol izateko ezaugarri guztiak ditu: oreka, indarra, abiadura eta teknika behar dira. Niretzat, nasapuntako kirola ez da bakarrik ikuskizuna: herri oso baten indarra da. Hori da garrantzitsuena.
Zure ibilbidea harago ere iritsi da. Nazioarteko lehiaketetan parte hartu duzu, Azerbaijanen eta Turkian. Nolakoa izan da esperientzia hori?
Izugarria. Beste herrialde batzuetan ere antzeko jokoak daude, baina bakoitzak bere estiloa dauka. Azerbaijango txapelketan, adibidez, nasapuntakoa laburragoa da, baina inklinazio handiagoa dauka. Oso desberdina da, baina ikasteko aukera paregabea izan zen. Gainera, Euskal Herriaren eta Ondarroaren izena munduan zehar eramatea sekulako harrotasuna izan da niretzat.
Etorkizunera begira, zein dira zure helburuak bai pertsonalki, bai talde gisa?
Pertsonalki, gustatuko litzaidake kirol hau gehiago profesionalizatzea eta nazioartean erakustea zer den benetako nasapuntako kirola. Talde gisa, gure helburua da Euskal Herriko Txapelketa sendotzea eta lehiaketaren ofizialtasuna lortzeko lehen pausoak ematea. Badakigu bidea luzea dela, baina hasita gaude.
Aurrera Kukaña Taldea ezinbestekoa da hori guztia posible egiteko. Zer behar duzue gaur egun?
Lehenik eta behin, jende berria. Gazteak, neska-mutilak, parte hartzera eta antolatzera animatuko direnak. Bestetik, babes instituzional handiagoa behar da. Kirol hau ez da soilik Ondarroakoa, Euskal Herriko ondarearen parte da. Eta, azkenik, baliabide ekonomikoak, dirurik gabe ezin direlako horrelako ekitaldiak antolatu.
Horrenbeste lan boluntario denean, ez al zaizue ilusioa galtzeko beldurrik sartzen?
Batzuetan bai, baina gero, erreka parean jendea ikusten duzunean, umeak oihuka, jendea barreka… horrek denak merezi du. Une horiek dira aurrera jarraitzeko gure erregaia.
Badirudi gero eta jende gazte gehiago animatzen dela. Nola ikusten duzu belaunaldi berrien interesa?
Uste dut gazteek behar dutela espazio bat, non bere burua probatu eta erronka sentitu dezaketen. Kirol honek hori eskaintzen du: indarra, ausardia eta laguntasuna. Askotan, gazteak txapelketa ikustera etortzen dira eta hurrengo urtean parte hartzeko izena ematen dute. Horrek erakusten du interes bizia dagoela, eta hori da gure itxaropena.
Hurrengo urteari begira, izango al da hirugarren aldia?
Bai, hori da asmoa. Oraindik ez dugu zehaztuta zein formatu izango duen, baina gure helburua da beti aurrekoak hobetzea: ikusgarriagoa, seguruagoa eta parte hartzaile gehiagorekin izatea. Eta, nola ez, beti gure herrian, Ondarroan. Hemen dago gure altxorra, gure bihotza.
Kukañak ikusle asko erakartzen ditu, baina askok oraindik ez dakite zein arrisku eta prestaketa dagoen atzean. Nolakoa da benetako entrenamendua?
Jende askok uste du masta igo eta listo dela, baina atzean lan handia dago. Oreka lantzen dugu, hanketako indarra eta erreakzio azkartasuna. Ez da bakarrik ausardia kontua; teknika eta gorputzaren kontrola behar dira.
Nola ikusten duzu kirolaren etorkizuna?
Etorkizuna gure esku dago. Belaunaldi berriek sinetsi behar dute hau ez dela iraganeko gauza bat, baizik eta etorkizunekoa. Nik sinisten dut, eta badakit jende askok ere hala egiten duela. Espero dut nasapuntako kirola inoiz ez desagertzea, eta guk horretarako bitartekoak jarriko ditugu, dudarik gabe.
Zein izango litzateke zuretzat ametsik handiena kukañaren munduan?
Urte batzuen buruan Euskal Herri mailan gure txapelketa erreferente bihurtuta ikustea da nire ametsa, eta urtero ikuslez beterik ikustea. Hori lortzen badugu, denak merezi izango du.