Markina-Xemeingo Larruz ahuntz gazta, Euskal Herriko onena
Bestalde, Behi-esne pasteurizatua kategorian Berriatuko Txikiñena saritu dute.
Argazkia: Tolosako Udala V. Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azoka izan da gaur [azaroak 8] Tolosan, eta bertan lehaitu duten Euskal Herriko esne, gazta eta jogurten IV. txapelketan, Markina-Xemeingo Larruz ahuntz gaztak lortu du sari preziatua. Izan ere, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan ekoiztutako esne, gazta eta jogurt mota guztien lehiaketa da ESNEKIren hitzordu nagusiena. Aurten, 38 gaztandegitako 86 erreferentziak parte hartu dute, zortzi kategoriatan banatuta: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi gazta onduak, ardi gazta onduak, ahuntz gazta onduak, jogurtak eta behi esne pasteurizatua: “Parte hartu duten gaztandegi guztiek norbere esnearekin ekoizten dituzte produktuak”.
Hain zuzen ere, Behi-esne pasteurizatua kategorian Berriatuko Txikiñena saritu dute.
Maila bakoitzeko irabazleen artean hautatu da txapeldunen txapelduna, eta horrela, Euskal Herriko gazta onenaren izendapena jaso du Markina Xemeingo Larruz gaztandegiko Larruz ahuntz gaztak. Pozarren jaso dituzte oroigarria, diploma eta txapela Iban eta Gorka Muniozguren anaiek.

Argazkia: Tolosako Udala
Tolosako Udalak, HAZIk eta Eusko Jaurlaritzak sustatuta, eta Basque Culinary Center, Esneki zentroa – Leartiker, EFRIFE, GIFE, Esnekigileen Elkartea eta Tolomendi laguntzaile dituela, azokak euskal esnekigintzaren kalitatea eta aniztasuna nabarmendu ditu berriro, lehenengo sektorari balioa emanez. Eta hain zuzen ere, ekoizleen lana eta sektorearen garrantzia azpimarratu ditu Raul Perez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapen sailburuordeak: “ESNEKI azokak gure gastronomia eta abeltzaintza tradizionala indartzeko aukera ematen du, eta euskal esneki eta gazten kalitatea eta aniztasuna agerian uzten ditu. Bertako ekoizleen lana babestuz eta etorkizunerako lehiakortasuna bermatuz, sektorea sendotzen jarraitu behar dugu, gure elikaduraren oinarrian dagoen baliabide bat delako”.

Argazkia: Irekia
Lehiaz gain, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Azokako postuak Trianguloa plazan eta San Frantzisko pasealekuan egon dira. Aurten, 24 ekoizlek parte hartu dute parte, eta bestalde, aurrekoetan bezala, Gazta Mahaia izeneko dastaketa gidatua ere “arrakasta handiz” egin dute. Leartiker Esneki Zentroko adituen gidaritzapean Beotibar pilotalekuan egin dituzten saioetan, parte-hartzaileek aukera izan dute Euskal Herriko gazta aniztasuna eta kalitatea sakon ezagutzeko: “Saio guztiak bete dira eta txartel guztiak saldu, arrakastaren erakusle”.