Saturrarango kartzelan egondako hiru umerekin elkartu dira Oroimen Egunean
Demokrazia zaintzeko, eskubideak zaintzeko aldarria zabaldu dute Mutrikuko Oroimen Egunean.
Mutrikuko Saturrarango kartzelan egondako emakumeak eta umeak gogoratu dituzte Oroimen Egunean gaur [azaroak 8]. Bertan izan dira horietako hiru ume: Luziano Elkoroiribe Alberdi, Maria Campos Roldan eta Mertxe Gallardo Carrillo. “Saturraranen egondako ume eta emakume presoei bosgarren urtez jarraian egin diegu omenaldia, eta Luziano ezustean agertu zaigu. Zorte handia daukagu Saturraranen preso egondako Mari, Mertxe eta Luziano hemen dauzkagulako, eta oso pozik gaude gogoratzen dutena kontatzeko prest daudelako”, adierazi dute Saturraran Elkarteko kideek.
Gogoratu dute Oroimen Astearen barruan oroimen ekitaldi gehiago egin dituztela; izan ere, Saturraran I eta Saturraran II dokumentalak ikusi dituzte eta Emakumeak 1931-1939 erakusketa ere eduki dute: “Emakumeen eskubideek Errepublika garaian nola egin zuten gora eta gerra eta ondorenean nola joan ziren lurpera gogoratu dugu. Guk pentsatzen genuen feminismotik geu ari ginela bideak urratzen, eta gu oraindik non ginen arrastorik gabe, bide guztiak urratuta zeuzkaten Errepublika garian”. Demokrazia zaintzeko, eskubideak zaintzeko eskaria egin dute elkarteko kideek: “Apurkorrak dira, eta ikusi ez bagenu, ez genuen jakingo ateratzen diren bezala, desegin eta lurpera joaten direla”.
Palestinarren egoera ere hizpide izan dute: “Orain gerra ikusten dugu Palestinan, eta gerraren ondorioak zeintzuk diren ere bai. Bada, ez da ahaztu behar kartzela hau gerra baten ondorio izan zela, eta, beraz, demokrazia zaindu egin behar dugula, berriro horrelakorik gertatu ez dadin”.
Aurten, bereziki, hiru pertsona gogora ekarri dituzte, aurten zendu diren Teresa Alonsoren seme Cesar Blanco Alonso, aurreko urteetan Oroimen Egunean egondako Benjamin Perez Granados eta Juana Roldanen alaba Pilar Campos Roldan, Mariaren ahizpa: “Gure omena eta agurra eskaini nahi dizkiegu, memoria zaintzen parte hartu izan zutelako”.
Kartzelan egondako emakumeek eta umeek bizitako urte latzak oroitu dituzte beste urte eta une batez: “Mojek ez zuten komentuko karitatea praktikatzen, mendekua eta zigorra bilatzen zuten. 4.000 emakume baino gehiago eta ehunka ume egon ziren Saturrarango kartzelan, eta 30 mojak “diziplina gogorrarekin eta zigorrekin” eduki zituzten kontrolpean: “Elkarri lagunduz, mojen ezkutuan, presoak ahal zuten bezala moldatzen ziren hainbeste premiei aurre egiteko”. Saturraran Elkarteko kideek gogoratu dute emakumeei janaria kentzen zietela mojek: “Janaria kendu eta mojen sukaldera edo ekonomatura eramaten zuten, eta estraperloa ere egiten zuten; umeentzako etortzen zen esne hautsa, umeei eman beharrean, ekonomatoan saltzen zuten, eta beste batzuetan kanpora ateratzen zuten estraperloan saltzeko. Emakumeek eta umeek gose ikaragarria pasatzen zuten; orokorrean, emakume guztien ahotik entzun dugu hori. Ume asko gaixotzen ziren, eta gaixotzen zirenean, amek ez zuten erizaindegira joaterik nahi, ez zirela bueltatuko uste zutelako; izan ere, kasu askotan, ez zizkieten umeak itzuli. Bestetik, umeek 3 urte betetzen zituztenean, trenean sartu eta bidali egiten zituzten, eta horietako bat da gaur hemen dagoen Mari. Bere izebak Madrilgo tren geltokian hartu zuen”.
177 pertsona ( 116 emakume eta 61 ume) hil ziren Saturraranen, eta bertan hildako ume eta emakumeak kaxetan sartuta, astoetan eramaten zituztela kontatu dute Saturraran Elkarteko kideek: “Saturraran atsedenlekua da, baina Saturraran zigorlekua eta istorio triste askoren lekua ere izan zen. Ez dezagula ahaztu”.
Urtero bezala, agurra dantzuz, bertsoekin eta lore eskaintzarekin osatu dute omenaldi ekitaldia. Kantuz eta txalo artean amaitu dute oroimen ekitaldia, eta Saturraran Elkarteko kideek eskerrak eman dizkiete bertan memoria egiteko elkartu direnei.