26 lagunek parte hartu dute XI. Dzanga Itsas Kayak Txapelketan
Argazkia: Dzanga Piragua Taldea. Urriaren 26an egin behar zuten Elantxobe eta Lekeitio itsasoz lotu ohi dituen Dzanga Itsas Kayak Txapelketaren XI. ekitaldia, baina azaroaren 9ra atzeratu behar izan zuten. Domekan, baina, goi-goitik egin zuten Euskadiko Itsas Kayak Koparen hirugarren hitzordua hartu zuen zeharkaldia. Aurretiaz 47 lagunek izena eman zuten, baina azkenean parte hartzaileen behin betiko zerrenda murritzagoa izan zen: 26 partaidek hartu zuten irteera Elantxobeko portuan.

Argazkia: Dzanga Piragua Taldea.
Kosta lerroan aurrera eginez, Elantxobetik Lekeitiorako bidea egin zuten. Haizearen noranzkoa izan zen kayak arraunlarien trabarik esanguratsuena, ibilbide osoan zehar. Izan ere, haizeak ekialdetik eragin zien denei, eta horrek baldintzak “asko gogortu” zituela aditzera eman dute antolatzaileek. Emakumezko parte hartzaileak, aurten, bi baino ez dira izan: alde batetik, Maite Etxaniz zumaiarra; bestetik, Ioar Alonso pasaiarra.

Argazkia: Dzanga Piragua Taldea.
Kadete mailan, Oinatz Alonso izan zen bizkorrena (01.08.27,15), eta seniorren artean, ostera, Haritz Aizpurua (01.03.55,79) gailendu zen. Beteranoen estropadetan, aldiz, Lander Rodriguez ( 01.03.10,01) eta Manuel Melara (01.04.09,88) nagusitu ziren. Taldekako sailkapenari dagokionez, Zumaiko Itxas-Gain kluba maisuki aritu zen, eta garaipen boteretsua lortu. Pasaia Kayak 2005 eta Barrika Piragua Taldea izan ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren sailkaturiko taldeak.