Bitxor Astigarraga elgetarrak irabazi du Markina-Xemeingo Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketako jardunaldia
69 bolarik parte hartu dute laugarren jardunaldian, eta Astigarrak sei txirlo bota ditu. Atzetik Ganix Rodriguez (Asolaberri) eta Oier Txurruka (MX3T) geratu dira, beste seina txirlogaz.
Markina-Xemeingo irabazleak.MX3T Azken txanpan bete-betean sartu dira bolariak, izan ere, Euskal Herriko 35. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako laugarren jardunaldia jokatu berri dute Markina-Xemeinen, eta beste jardunaldi bat eta finala baino ez dira geratzen txapelketagaz amaitzeko.
Zapatuan [azaroak 8] Lauzirika bolatokian jokatu zuten laugarren jardunaldia. Guztira 69 izan ziren partaideak, eta denetan onena Bitxor Astigarraga elgetarra izan zen, sei txirlogaz. Bigarren eta hirugarren, ostera, Asolaberriko Ganix Rodriguez eta MX3T taldeko Oier Txurruka sailkatu ziren, hurrenez hurren, bakoitza sei txirlogaz. Hurrengo hiru postuetan, ostera, bosna txirlogaz sailkatu ziren Garikoitz Rodriguez (Asolaberri), Angel Ibarluzea (San Migel) eta Gotzon Uranga (Lastur).
Antolatzaileek azaldu dute bolatokia “nahiko exijentea” ipini zutela: “Euskal Herriko txapelketa da, eta mailak hori eskatzen du. Hala ere, abenduaren 27an errazago ipiniko dugu”. Izan ere, prest dute dena Neguko Bolak txapelketa lehiatzeko; 18:00etan izango da, Lauzirika bolatokian. 10 euro balio du izen-emateak, eta irabazleak 200 euro eta txapela eskuratuko ditu.
Sailkapen orokorra. Euskal Herriko txapelketari dagokionez, 90 bolari baino gehiago ari dira lehian, eta gizonezkoetan Jose Antonio Nuñez (San Andres) doa lehenengo postuan, bederatzi bola sartu eta guztira 20 txirlo botata. Bigarren, ostera, Gotzon Uranga (Lastur) Lauzirikako seigarren sailkatua doa, beste bederatzi bola sartu eta 17 txirlo botata. Hirugarren postuan, bola bat gutxiago sartuta, Angel Ibarluzea (San Migel A) dago, zortzi bola eta 17 txirlogaz. Emakumeetan, ostera, Isana Gorosabel (Uda A) doa lehenengo postuan, bost bola sartuta eta 11 txirlo botata. Bigarren eta hirugarren MX3T taldeko kideak daude: Nekane Anta bost bola eta hamar txirlo sartuta eta Olatz Arano, lau bola eta zortzi txirlo sartuta.
Taldekako sailkapenari dagokionez, Uda A taldea doa lehenengo postuan, guztira 58 txirlogaz. Bigarren eta hirugarren postuetan MX3T A taldea eta Elgeta daude, bakoitza 51 txirlogaz. Hurrengo jardunaldia zapatuan [azaroak 15] jokatuko dute, Elgetan, 17:00etan. Finala, aldiz, azaroaren 22an izango da, Aramaioko Etxaguen auzoan, 12:00etan.