Lea-Artibaiko sei turismo enpresek lankidetza-sarea indartu dute Gaztela eta Leonen
Bisita teknikoa egin dute Gaztela eta Leonera, enpresa-sarea indartu eta sinergiak identifikatzeko asmoz.
Eskualdeko ordezkariak, Gaztela eta Leonen.Leartibai Fundazioa Lea-Artibaiko sei turismo enpresa pribaturen ordezkariak egon dira Gaztela eta Leonen, Donejakue bideari buruzko bisita tekniko batean. Ekimenaren helburu nagusia sarea sortu eta sendotzea izan da, lankidetza publiko eta pribatua nahiz sektoreen artekoa bultzatzeko asmoz. Jakitera eman dutenez, oinarrian, turismo garapen iraunkorra eduki dute.
Bisita teknikoan parte hartu dutenek Donejakue Bideko ostatu- eta merkaturatze-estrategiak eta helmugen arteko elkarlan-formulak ezagutzeko aukera eduki dute. Era berean, Lea-Artibaiko ordezkariek adierazi dutenez, Gaztela eta Leonen presentzialki egon izanak “hausnarketarako eta eztabaidarako gune erabakigarriak” izatea erraztu du.
Gaineratu dutenez, “aukera ezin hobea” izan da eskualdeko enpresentzat. Alde batetik, sektoreen arteko loturak sendotu dituzte, eta bestetik, eskualdeko etorkizuneko proiektuetarako sinergiak identifikatu dituzte. Era berean, jardunaldiaren bitartez jabetu ziren kalitatezko turismo produktu baterako kudeaketa koordinatuak duen garrantziaz.
Azpimarratu dute enpresa-sarea edukitzea giltzarria dela garapenerako bidean: “Ziur gaude enpresa-ehun bateratu eta kolaboratibo bat dela hazkunderako eta berrikuntzarako motorrik indartsuena. Donejakue bidearen inspirazioak gure sarea indartzen lagunduko digu”.

Eskualdeko ordezkariak, Gaztela eta Leonen.Leartibai Fundazioa