Eusko Jaurlaritzak Kofradia Basque Seafood S.A. enpresaren sorrera bultzatu du
Baxurako arrantza sektorea garatzeko estrategian "jauzi kualitatiboa" dela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak.
Pesqueria Ondarroa S.A.Eusko Jaurlaritza. Bizkaiko eta Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioek Kofradia Basque Seafood S.A. sozietate berria eratu dute, Hazilur S.A.-rekin elkarlanean. Hala, sozietateak Pesqueria Ondarroa SAren ekoizpen unitatea erosi du, gaur egun “hartzekodunen konkurtsoan eta likidazioan” dagoena.
Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, finantza sustapenerako sozietate bat da Hazilur S.A., eta lehen sektoreko, nekazaritzako elikagaien industriako eta euskal landa eta itsasertz inguruneko enpresa jardueran sustatzera bideratuta dago. “Haziren bidez, Eusko Jaurlaritzaren %50eko partaidetza du”.
Arrantza sektoreko erakundeen eta finantza sustapen publikoko tresnen arteko lankidetza bultzatzea da Kofradia Basque Seafood S.A. enpresa sortzearen helburua, “jardueraren jarraitutasuna bermatzeko eta sektorearen lehiakortasuna indartzeko”: “Jarduera hau Euskadiko lehen sektorea eta arrantza eraldatzen eta modernizatzen laguntzeko estrategiaren barruan kokatu da”. Honi esker, Eusko Jaurlaritzaren arabera, Pesqueria Ondarroa S.A. enpresak arraina eraldatzeko egiten zuen jarduerarekin jarraituko du Ondarroan: “Konpainia berriak lanpostu guztiak mantentzea ere bere gain hartzen du, Ondarroako udalerrian enplegua bermatuz”.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak baxurako arrantza sektorea garatzeko estrategian “jauzi kualitatibo” gisa definitu du proiektua: “Arrainaren merkaturatze eta eraldaketa prozesuetan zuzenean parte hartzeko aukera ematen du”.
Hala, Kofradia Basque Seafood S.A.-k laugarren eta bosgarren gamako produktu lerro berri bat izango du: “Xerratan egindako, ontziratutako eta prestatzeko prest dagoen arrainaren elaborazioan oinarrituta, baita kontsumitzeko prest dauden plater prestatuen produkzioan ere, hori guztia Kantauriko arrainean oinarrituta eta kalitate eta jasangarritasun estandarren arabera”.
Ekimen “erabakigarria” dela zehaztu dute Eusko Jaurlaritzatik, eta Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak horrela laburbildu du: “Kofradia Basque Seafood S.A-rekin beste urrats bat ematen dugu euskal arrantza eredu moderno, iraunkor eta etorkizunekoa eraikitzeko, non sektoreak berak modu aktiboan parte hartzen duen balio-katean eta kalitatezko enpleguaren sorreran”.