“Ikusmin handia” sortu du Ispasterko Warhammer erakustaldiak
Zapatuan [azaroak 8] herritar asko izan ziren eguraldi euritsuagaz probalekura bertaratu zirenak mahai-jokoaren inguruan gehiago jakitera.
Warhammer munduan hedatzen jarraitzen du, orain Ispaster konkistatu du. Hain zuzen ere, Lekeitioko Warhammer taldearen ekimenez eta Ispasterko Udalaren laguntzagaz, mahai-jokoaren erakustaldia antolatu zuten zapatuan [azaroak 8], herriko probalekuan. Kasu honetan, asteburuko eguraldi euritsu eta hotza alde izan zuten eta asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak. “Guretzako abantaila bat izan zen aterpean egoterakoan. Familia asko bertaratu ziren eta uneren baten umez inguratuta egon ginen, azkenean bestelako aisialdi aukera bat ikusi ahal izan zuten”, esan dute.
Antolatzaileentzako egun “gogorra eta nekeza” izan zela aitortu dute: “Hiru partida jokatu genituen, bakoitza hiru ordukoak izaten dira gutxi gorabehera, 08:30ean hasi ginen eta 20:30ean amaitu. Uneoro adi egotea eskatzen dizun jokoa da eta azkenean jendeak pentsatzen duena baino neketsuagoa da”.
“Ikusmin handia” sortu duela nabarmendu dute. Herritarren artean, ume zein nagusi, kuriositatea piztua zuen ekimenak. “Batzuek zerbait entzunda zuten, baina beste askok ezer ez, eta orduan zehazki zer zen jakin nahi zuten. Azkenean, badirudi umeentzako jokoa dela, baina inondik inora ere. Orduan, harrituta geratu ziren jolasaren inguruko bitxikeriak eta funtzionamendua ezagutu zituztenean”.
Lekeitioko taldeak zalantzak argitzeko eta galderak egiteko tartea zabalduko zuelako, partidak jokatu izan zituzten, baina aldi berean, bertaratu zirenei kasu egin zieten, ez zen erakustaldi soil bat izan. Ispastertarrak “oso pozik” amaitu zutela nabarmendu dute, txapelketa bera ere “interesgarria eta berdindua” izan zelako.
Horrez gain, berritasun bezala, jolasa ezagutzen ez zuen familia bateri parte hartzaile bakoitzaren armada baloratzea eskatu zioten. Familiak armadaren osaketa, margoketa eta azken batean itxura baloratu zuen “bestelako ikuspuntu bat” eskainiz. “Zerbait parte hartzailea egin nahi genuen, eta aldi berean bestelako iritziak ikusi, horrelakoetan normalean beti irabazten dutelako berdinek eta zerbait desberdina bilatu nahi genuen”. Horren harira, gainera, saritxoak banatu zituzten.
Aurrera begira
Hala ere, aurrera begira hobetzeko kontuan ere ikusi dituzte. Adibidez, parte hartzaileei batzuetan “zaila” egin zaie lehiatzen egotea eta galderak erantzuten egotea. “Ikusi dugu jendeari kasu egiten eta zalantzak argitzen norbait jarri behar dugula”, diote. Bestelako tailerrak ere egiteko aukera aztertzen ari dira, Lekeition noizbait egin duten margoketa saioa bezalakoa.
Galderak “askotarikoak” izan ziren: jolasaren jatorritik hasi, piezen prezioa, funtzionamendura, arauetara edo nazioarteko zabalkundera. Bertan, azaldu zuten Las Vegasen jokatzen direla bakarkako zein taldekako munduko txapelketak. Bestetik, Gaztela-Mantxako Talavera de la Reina herrian egiten da taldekako txapelketarik garrantzitsuena. Bertan parte hartu dute Lekeitioko taldeetako batzuk noizbait.
Ispasterren saio bat egiteko aukera izatea “pribilegio bat” izan dela azpimarratu dute eta aurrera begira ere udalagaz bestelako zerbait antolatzeko intentzioa agertu dute. “Dena eskura izan dugu hasieratik eta laguntza besterik ez dugu jaso udalaren aldetik, beraz, elkarlana errepikatzeko prest gaude”. Probalekua “toki ezin hobea” dela nabarmendu dute eta “aukera asko” eskaini hala dituela. Esate baterako, Nafarroako taldeagaz “harreman bikaina” dutela diote eta topagune bat egiteko toki aproposa izan daitekeela probalekua. Ispasterrek txapelketa handiagoak antolatzeko aukera zabalak eskaintzen dituela diote.
