Lehiaketan egonkortzeko aurrerapauso tinkoa
Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak Xabi Barandika gernika-lumotarraren eta Thibault Basque bidartarraren aurka irabazi zuten atzo, txapelketaren finalerdietan sartzeko geroz eta hurbilago kokatuz.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Zesta-puntaren katedraleko astelehenak aurrera doaz, Eusko Label Winter Series txapelketagaz. Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak irabazi zuten atzo [azaroak 10], Xabier Barandika gernika-lumotarraren eta Thibault Basque bidartarraren aurka, B multzoari zegokion lehiaketaren hirugarren ligaxka jardunaldian. Bigarren garaipen horrek ia finalerdietan sartzen du bikotea, nahiz eta oraindik ez diren matematikoki sailkatu.
Partidak lau zati izan zituen. Lehen atsedenaldira arte, borroka latza izan zen lau pilotarien artean. Tarte horretan, Urreistiri hamargarren koadrora jaistea eta defentsan lan handia egitea egokitu zitzaion. Atsedenaldiaren ostean (8 eta 7), horiek goranzko joera hartu zuten. Bigarren setean ere nagusitu ziren, baina Barandikak eta Basquek asko estutu zuten amaieran, sei tantoko desabantailari buelta emanez, eta partida hamalauna berdinduz. Azkenean, Urreistiren bi hormako alde batek erabaki zuen seta: 15 eta 8.
Bigarrena mutrikuarraren pase bikoitz batekin hasi zen, eta Barandikaren beste sake falta batekin. Urreistik eta Lopezek laster berreskuratu zuten inertzia, eta atsedenaldirako lau tanto ziren aurretik (8 eta 4). Zumaiarrak, buruz burukoa ez ezik, zabaletik egindako ebaki bat ere jaso zuen. Talde horiak aldea handitu zuen, beraz, bost tantora (11 eta 6, 12 eta 7) eta sei tantora (13 eta 7). Baina, markagailuan 14 eta 9koa jarrita, Barandika eta Basque esnatu egin ziren. Hala ere, Urreistik erabaki ausart batekin moztu zuen partida: bi pareta atzekoz aurrera botata. Berdinketa haustea saihestu zuen hala: 15 eta 14.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Urreistik “oso pozik” bukatu zuen partida: “Ez nuen pentsatzen, baina oraindik beste partidu bat geratzen zaigu finalerdietarako. Finalerdietan ia sailkatuta egonda ere, uste dut gogo askorekin irten behar garela hurrengo partidara”. Partidua “oso gogorra” izan dela adierazi zuen Lopezek: “Bagenekienlehia oso borrokatua izango zela, baina pixkanaka-pixkanaka gure lekua bilatu dugu”. Bere bikotekidearen partida ere goraipatu zuen:”Partidu oso interesgarria egin du. Niri asko lagundu dit, eta oso motibatuta ikusi dut”. Bien artean “ondo” ulertu dute elkar, eta hori zesta-puntaren egugo agertokirik handienean ikusarazi dute.
Aurretik datorrena.
Faboritoek zortzi puntu dituzte dagoeneko sailkapenean, eta 22 tantoko aldeko batez bestekoa. Zenbaki horiek ikusirik, ia ezinezkoa da Urreisti eta Lopez multzokako fasetik kanpo gelditzea. Gauzak horrela, Thomas Urrutia donibanegaraztarraren eta Julen Del Rio gasteiztarraren aurka irabaztea eta ligaxka azken garaipen batekin biribiltzea baino ez du falta bikoteak, finalerdietara etxerako lanak “ondo eginda” heltzeko. Barandikak eta Basquek ere badituzte finalerdietan egoteko aukerak: geratzen zaizkien bi partidak irabazi behar dituzte, Ekaitz Mendizabal Goixerri eta Mikel Mantzisidor mutrikuarren eta Urrutia eta Del Rioren aurka, hain zuzen.
Datorren astelehenean [azaroak 17] A multzoko neurketa hartuko du Jai Alai frontoiak. Ludovic Ladutxe getariarrak eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarrak osatutako bikoteak Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrak osatutakoa izango dute parez pare.