Sendabelarrak ezagutzeko ibilbidea eta tailerra egingo dituzte Markina-Xemeinen
Domekan [azaroak 16] 10:30ean izango da tailerra, Arretxinagan. Oihane Lekunberri Ansolak emango du tailerra, eta emakumeei zuzendutakoa izango da.
Joan den martxoan ipini zuten martxan Markina-Xemeingo Udalak eta herriko mugimendu feministako kideek Titu ba! prozesua, eta ikasturte berria hasteagaz batera erabaki zituzten eman beharreko hurrengo pausuak. Hala, domekarako [azaroak 16] euren lehen ekintza antolatu dute.
Oihane Lekunberri Ansola adituagaz sendabelarrak ezagutzeko ibilbidea eta tailerra egingo dituzte. 10:30ean hasiko dute ibilbidea, Arretxinagan, eta 13:30ean amaituko dute. Jakitera eman dutenez, Markina-Xemeingo emakumeei zuzendutako ikastaroa izango da, eta izena eman behar da udaletxeko harreran, udala@markina-xemein.eus helbidera idatziz edo 94-616 74 54 telefonora deituz. Lekunberrik tailer ugari eman ditu bertoko landareen eta sendabelarren propietateei buruz, eta ezagutza horiek partekatuko ditu markina-xemeindarrekin.
Titu ba! prozesuko kideek adierazi dutenez, aurrerantzean halako hainbat ekintza antolatzea da asmoa: “Hemendik aurrera ekintza solte batzuk antolatzen joango gara. Domekakoa izango da lehenengoa, eta horren ostean antolatzeko baditugu beste tailer batzuk ere buruan. Azaroaren 25aren harira ere, Morelarreko gazte feministekin zerbait antolatu nahian ari gara”.