Ganbara Abesbatzaren kontzertua egongo da zapatuan Musika Haizeak zikloaren baitan
Ordu aldaketa eduki du kontzertuak, eta 20:15ean izango da, Karmengo elizan. Azken kontzertua abenduaren 13an izango da, izan ere, egunez aldatu dute; Maddi Txurruka eta Pablo Fdez. Arrieta igoko dira oholtzara.
Musika Haizeak zikloko lehenengo kontzertua, Xemeingo elizan.Musika Haizeak Musika Haizeak zikloari joan den irailaen 12an eman zieten hasiera, etxeko bertsolariak eta kanpoko organo jotzaileak uztartuz, eta zapatuan [azaroak 15] egingo dute zikloko bigarren kontzertua. Izan ere, bigarrena joan den urriaren 4an izan behar zen arren, abenduaren 13ra atzeratu dute.
Zapatukoari dagokionez, Oñatiko Ganbara Abesbatza entzuteko aukera egongo da, Karmengo elizan; ordu aldaketa egon da, eta 20:15ean izango da kontzertua. Denetariko musika eskainiko dute: “In Perpetuum programa entzuteko aukera egongo da. XVI. mendean hasi eta gaur egunera arteko musika izango da abestuko dute. Musika alemaniarra, ingelesa, italiarra, gaur egungoa… denetarik entzun ahalko da, eta euskal musikak ere presentzia edukiko du”. A capella abestuko dute, eta Aitor Biain izango da zuzendaria; joan den barikuan [azaroak 7] EHU Abesbatza zuzentzen aritu zen Biain Xemeingo elizan, Bizkaiko Hotsak jaialdiaren barruan.
Musika Haizeak zikloa abenduaren 13an Maddi Txurrukak eta Pablo Fdez. Arrietak itxitko dute, tronpeta eta gitarra emanaldi batekin, Arretxinagako elizan.
Esperimentua. Mikel Ansola zikloaren antolatzaileetako batek adierazi duenez, aurtengo lehenengo kontzertua esperimentu bat zen arren, “oso ondo” joan zen. Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendi etxeko bertsolariak aritu ziren bertsotan, eta Carlos Fernandez, Johannes Friederich eta Juraj Kremenek, ostera, organoa jo zuten: “Esperimentu moduko bat zen eta ea zelan irteten zen ikusi nahi genuen. Alde batetik, jende nahikotxo etorri zen, eta antolatzaileok oso pozik geratu ginen. Bestalde, etorri zirenei asko gustatu zitzaien, oso-oso pozik agertu ziren eta konbentzituta irten ziren elizatik. Beraz, pozik gaude”.