Neikerrek dio arrantzako hondakinak ongarri biologiko bilakatzea dela nekazaritza jasangarria bultzatzeko irtenbidea
Neiker zentro teknologikoak SEA2LAND ekimen europarra koordinatu du, arrantzako azpiproduktuak ongarri biologiko bilakatzeko, eta, arrantza-ontzietako hondakinetatik mineralak ordezkatzeko gai diren ongarri biologikoak lortu dira, lurzoruen osasunarentzat onuragarriagoak direnak.
SEA2LAND proiektuaren irudietako bat. Neiker Europak erabiltzen dituen ongarrien erdiak baino gehiago inportatzen ditu urtero, asko Errusiatik eta Marokotik. Ondorioz, egoera horrek nekazaritza sektorearen kostuak garestitzen ditu, baina baita nazioarteko tentsio egoeren aurreko zaurgarritasuna areagotu eta nekazaritzako ekoizpena baliabide fosiletara eta mineraletara lotu ere; alegia, energia kontsumo handiarekin eta ingurumen inpaktu nabarmenarekin erauzten diren baliabideetara lotu.
Egoera horri aurre egiteko asmoz, Neiker zentro teknologikoak Europar Batasuneko Horizon 2020 programako SEA2LAND proiektua koordinatu du, zeinen helburua izan den arrantza eta akuilkultura industriaren hondakinak —5,2 milioi tona hondakin urtean— oinarri biologikoko ongarri bilakatzea, baita gaur egun erabiltzen diren pestizida sintetikoak partzialki edo erabat ordezkatzea ere. Eta, ondorioztatu du oinarri biologikoko ongarriak gai direla ongarri mineralak ordezkatzeko, “bide batez inportatutako intsumoekiko mendekotasuna murriztuz, funtsezkoa dea ezegonkortasun geoestrategikoko garaietan”.
Estrategia horrek azpiproduktu horiek dituzten “funtsezko nutrienteak baliatzen” ditu —nitrogenoa, fosforoa edo potasioa—, baina ez hori bakarrik: hondakinen kudeaketa txarraren ingurumen inpaktua murriztu eta ekonomia zirkularra sustatzen du. “Aintzat hartu behar da fosforoa dela nekazaritzan kritiko bilakatuko den hurrengo elementua, funtsezkoa baita laboreen garapenean”, nabarmendu du Mirian Pinto doktore eta Neikerreko ikertzaileak. Gehitu du euren ikerketarako erabili dituzten hondakinetako asko “alferrik galtzen” zirela gaur egun: “Zuzenean itsasora bota edo zabortegietara eramaten ziren. Eta, SEA2LAND ekimenari esker, hondakinak alferrik ez galtzea lortzeaz gain, ustez inolako baliorik ez zuen zerbaiti balioa ematea lortu dugu”.
Izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan abian jarritako egitasmoaetan, Neiker atunarekin lan egiten duten kontserba enpresetako gatzunen balorizazioan zentratu da. Gatzunak hondakin bereziki konplexuak dira gazitasun maila altua dutelako, eta horiek ongarri biologiko bilakatzeko “biorremediatze prozesu bat” jarri dutela martxan zehaztu du, mikoalgak erabilita. Ze, hori eginda, uretan dauden nutrienteak atxiki eta nekazaritzarako konposatu baliagarri bilakatzea lortu dute. Hala, nabarmendu dute SEA2LAND proiektuari esker lortutako ongarri biologikoak lurzoruen osasunarentzat onuragarriak direla, lurzoruen funtzio metabolikoak estimulatu eta lurzoruetako mikrobioen jarduera areagotzen dutelako”.
Martxan jarritako ikerketa Europako beste zenbat eskualdetan garatutako beste teknologia batzuekin osatu dute; adibidez, bokashi edo konposataje aurreratua bezalako energia kontsumo baxuko metodo sinpleak, hidrolisi entzumatikoa bezalako beste prozesu askoz sofistikatuagoak, edo mikroalgen ekoizpena hondakin urtetatik abiatuta ongarri likido biologikoak sortzeko erabili dituzte, helburu bikoitzagaz: efluentea leheneratzea eta ongarri berria sortzea.
Lurzoruaren emankortasuna hobetu.
Lortutako produktuen eraginkortasuna ebaluatzeko, zentro teknologikoak landa entseguak egin ditu, adibidez brokoliarekin, ongarriek lurzoruaren emankortasunean eta osasunean zer eragiten zuen aztertzeko. Eta, Pintok nabarmendu du emaitzek eraksuten dutela proiektuan lortutako ongarri biologikoak “onuragarriak” direla lurzoruaren osasunarentzat, lurzoruaren funtzio metabolikoa estimulatzen duelako, “mikrobioen jarduera areagotuz eta lurzoruaren emankortasuna eta laboreen erresilientzia sustatuz”.
Gainera, azpiproduktuetan oinarritutako ongarri berrietako batzuek europar araudia betetzen dute, nekazaritza ekologikorako ere baliagarriak izanik. Horrek bermatzen du seguruak direla, baita nekazaritza sistema ezberdinetan aplikatzeko modukoak direla ere.
Egindako probak oinarri hartuta, kalkulatzen da Europa mailan urtean 1,8 milioi tona nitrogeno errekuperatzeko modua egongo litzatekeela prozesuok martxan jarriz gero: “Ez hori bakarrik, inportatutako ongarriekiko mendekotasuna murriztuz eta nekazaritza jasangarriago baterantz pausoak emanez egingo litzateke hori”.
Era berean, proiektuak indar berezia jartzen du jakintza nekazaritza eta arrantza bezalako sektoreetara transferitzean, izan ere, helburua da nekazaritza sektoreak ongarriak laboreetan “era seguruan eta eraginkorrean” erabili ahal izatea: “Helburu horrekin, jardunaldi teknikoak antolatu dira, bai eta txosten zehatzak argitaratu ere ongarri biologikoak landetan aplikatzeko gomendio praktikoekin”.