Zapran guraso elkarteak laugarren aldiz antolatu du bigarren eskuko azoka
Domekan [azaroak 16] egingo dute, 11:00etatik 14:30era, Lekeitioko eskolako patioan.
Ondo funtzionatzen duenak hobe ez aldatu. Horrela, duela lau urte antolatu zuen lehen aldiz Lekeitioko Eskolako Zapran guraso elkarteak bigarren eskuko azoka. Eta ordutik izan duen “harrera ona” ikusita, aurten ere errepikatu nahi izan dute. Domekarako [azaroak 16] jarri dute hitzordua, 11:00etatik 14:30era, eskolako patioan.
Ohi bezala, lekeitiarrek dagoeneko erabiltzen ez dituzten askotariko gauza eraman ahalko dituzte eta erakusmahaietan jarri. Gero, bakoitzak erabakiko du zer egin bere produktuekin, saldu, trukatu edo oparitu ahal dituelako. Era berean, lortutako diruagaz badaude zuzenean irabazi asmorik gabeko elkarteren batera ematen dutena. “Etxetik tresna, arropa edota bestelako gauza asko izaten ditugu gauza batengatik edo besteagatik dagoeneko erabiltzen ez ditugunak, baina beste etxe batzuetan bigarren bizitza bat eman eta erabiltzen jarraitu ahal direnak”. Azaroaren amaieran antolatu izan dute orain arte, batez ere Gabonetan ematen den “kontsumismo eredu handiari” aurre egiteko, eta bestelako erosketa aukerak ere posible direla erakutsi ahal izateko.
Hala ere, bigarren eskuko azokagaz gain, bertoko ekoizle eta artisauek ere haien tokia izango dute eskolako patioan. “Gure inguruko ekoizle eta artisauei ere haien tokia eman nahi diegu, bizimodu osasuntsu baterako garrantzitsua delako gure inguruko produktuak erabiltzea, haien lana baloratu nahi dugu eta erakutsi ez garela zertan denda handietara joan behar oparien bila, gure inguruan ere badaudelako denda bikainak”. Guztira 37 postu egongo direla aurreratu dute, eta askotarikoak gainera: 19 izango dira bigarren eskukoak, 13 artisauenak eta bost ekoizleenak.
Horrez gain, bigarren eskuko azoka girotzeko Zapran guraso elkarteak txosna jarriko du, jan-edana faltan ez izateko. Musikarik ere ez da faltako domeka eguerdia “giro onean” pasatu ahal izateko. Hain zuzen ere, eskolatik herrira begira egindako ekimena dela azpimarratu dute.