Final "irekien" atarian
Barikuan [azaroak 14] Elite Txapelketako finalak hartuko ditu Miruaitz frontoiak. Batetik, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal Maite Ortiz de Mendibil eta Oaia Otañoren aurka, eta bestetik Urko Lekerikabeaskoa eta Unai Uranga Zuhaitz Arrillaga eta Ortzi Aldazabal Argoitiaren kontra.
Mutrikuko Miruaitz frontoiak etorkizuneko izarren abia bilakatu da azken urteetan Elite Txapelketarekin. Lehiaketa garrantzitsua da hurrengo mailara heldu nahi duten gazteentzako. Iaz Alex Goitiak eta Mikel Mantzisidorrek irabazi zuten gizonezkoetan eta Erika Mugartegi eta Arai Lejardi emakumezkoetan. Markina-xemeindarra eta mutrikuarra Gernika-Lumoko Winter Series Txapelketa jokatzen ari dira, eta Markina-Xemeingo beste bi pilotariak Munduko Txapeldunak dira.
Barikuan [azaroak 14] jokatuko dituzte aurtengo finalak, 21:00etatik aurrera, pilotalekuan. Batetik, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal Maite Ortiz de Mendibil eta Oaia Otañoren aurka, eta bestetik Urko Lekerikabeaskoa eta Unai Uranga Zuhaitz Arrillaga eta Ortzi Aldazabal Argoitiaren kontra.
Txapelketaren desberdintasuna da ez dagoela bikote finkorik, aldatzen doaz eta emaitzen arabera ezartzen dituzte azken faserako bikoteak. Emakumezkoetan, Gogenola izan da aldeak ezarri dituena, multzokako faseko hiru partidak irabazi ditu. “Gogenolak jokatzeak, batez ere Erika Mugartegik edo Arai Lejardik lehiatzen ez dutenean, hautagaien zerrendan kokatzen du zuzenean”, diote antolakuntzatik. Aldazabal herrikidea izango du bizkartzain, eta helburu argia izango dute finalerako: Ortiz de Mendibil pasatzea eta Otaño mutrikuar gaztearen gainean jartzea jokoaren pisua. “Otaño azken orduan sartu da finalean, tanto bakarreko aldeagatik Eneritz Lizardirekiko. Frontoia neskentzako egokiagoa da pilota gehiago atzeratu dezaketelako”.
Gizonezkoetan, Lekerikabeaskoa eta Uranga konfiantzaz beteta heltzen dira finalera, Julen Basterra Txanika eta Danel Mandiola 15-14 eta 15-8 hartu zituzten mendean finalaurrekoetan. Lan gehiago egin behar izan zuten beste finalistek txartela lortzeko: 2-1 (15-11, 14-15, 5-3) irabazi zieten Martin Ormaetxea Zelaia eta Eñaut Salegiri. Hau da, ezustekoak eman ziren finalerdietan, horregatik final “irekia” aurreikusten dute. “Lekerikabeasko eta Uranga puntista seguruak dira, pilota asko sartzen dute eta irabazteko zailak dira. Argoitiak min handa egiten du bere eskumagaz Miruaitzen, frontoi bizia delako, beraz, berdintasuna espero dugu”.
Aldi berean
Lehen aldia da Danok Bat elkarteak aldi berean antolatzen dituena nesken eta mutilen txapelketa, normalean bakoitzak bere data izaten du. Hala ere, antolaketa aldetik “oso ondo” moldatu direla esan dute, nahiz eta partida gehiago hartu eta antolatu behar izan dituzten. “Oso pozik gaude batez ere herritarrek eta ingurukoek bikain erantzun dutelako eta giro oso ona sortzen ari da frontoian”. Hain zuzen ere, ikusleengan pentsatzen, finalen ordua atzeratu dute, 19:00etatik 21:00etara, Antton Telleriaren ikuskizuna dagoelako Egaña frontoian.