Maribel Aiertza Rementeria: "Edozein aletxo txiki izan daiteke istorio eta liburu baten abiapuntua"
‘Ali, Eli, Oli lehian’ liburua kaleratu du Maribel Aiertza Rementeriak. Normalean idazten dituenentzako baino txikiagoentzako istorioa da. Berriatuko Lami eta Maru erraldoien liburua ere idatzi du.
Maribel Aiertza Rementeria idazleak askotariko liburuak idatzi izan ditu, saiakerak eta eleberriak, adibidez. Orain, beste pauso bat eman du bere ibilbidean; orain arte sortutako gazteentzako ipuinak alde batera utzi, eta umeentzako pentsatutako Ali, Eli, Oli lehian liburua argitaratu du. Istorioek edozein iturri edo hasiera izan dezakete, eta, era berean, esperientzia pertsonaletatik etorri daitezke. Hain zuzen ere, biloben inguruan ikusitako lehiakortasuna du hizpide liburuan.
Zer kontatzen duzu Ali, Eli, Oli lehian liburuan?
Aberetxoekin kontatutako istorio bat da. Izenburuak ondo dioen bezala, lehiakortasunaren inguruko kontakizuna da. Ali eta Eli, Alizia eta Elixabeteren laburdurak, ahizpa untxiak dira eta Oli, Oliverren laburdura, ahatea da. Guztia ezin da kontatu, baina ahizpak beti daude lehian, umeek egiten duten bezala, eta helduko da momentu bat non haien artekoa alde batera utziko duten. Lehiakortasuna lantzeko, 4 urte inguruko umeentzako pentsatutako istorioa da.
Nondik etorri zaizu liburua idazteko ideia?
Ez da normalean nik idazten ditudan liburuetako adin tartea, gehiago aritzen bainaiz 8 eta 12 urte bitartekoentzat idazten. Baina etxean adin horretako bilobak ditut, parkean jolasten ikusten ditut, eta haien jarrerak erreparatzerakoan etorri zitzaidan gaia burura. Egunerokotasunean beti ateratzen dira liburuetarako hazitxoak. Beti dago arreta ematen dizun zerbait, barrea eragiten dizuna, zerbait pentsarazten dizuna… Horrelako edozein aletxo txiki izan daiteke istorio baten abiapuntu.
Ume txikiagoentzako liburua idazterakoan, adibidez, estilo aldetik, nabaritu al duzu aldaketaren bat ?
Ematen du liburu bat, laburragoa denean, errazagoa izan behar dela, baina, egia esan, gehiago kostatu zait. Eta, berez, banaiz sintetizatzeko gai, baina kostatu egin zait. Noski idazkera aldatzen dela: idazkera adinera egokitu behar duzu eta aldea nabaria da. Hori izan da lana. Gai bat burura etortzen zaizunean, berak argitzen dizu apur bat irakurlearen adina. Hori oraingoan natural atera da, esate baterako, animaliak aukeratu izana protagonista bezala. Hiztegia, esaldien neurriak.. testuari neurria hartzea izan da alderik handiena niretzat.
“Balioen aldaketa eta desagerpena dago; gehiago arduratzen gara edukitzeaz izateaz baino”
Eta, esperientzia horren ostean, posible ikusten al duzu adin tarte horrekin jarraitzea edo orain artekora itzultzea?
Ideia bat daukazunean, berak markatzen du zein irakurlerentzat den egokiena; horri jarraitu behar diozu. Seguraski gaztetxo horientzako liburuak idaztera itzuliko naiz. Etxeko umea ere hazi egin da eta, liburua idatzi nuenetik argitaratu denera arte, denbora pasatu da, eta adin tartea gainditu egin du. Izan ere, argitaletxeak markatzen ditu denborak, bere programazioarekin.
Horrenbestez, prozesua luzatu egin da.
Urte eta erdi inguru pasatu da liburua idatzi nuenetik argitaratu denera arte. Ez du bestelako arazorik izan, baina egutegian tokia egin beharra zegoen. Testua argitaletxera bidali, onespena jaso, eta argitaratu egiten denera arte, denbora jakin bat pasatu behar izaten da beti. Esan bezala, argitaletxeek haien programazioa dute, eta liburua zein bildumatan eta noiz argitaratu programatzen dute. Bildumaka jokatzen dute, adibidez. Izan ere, xehetasun asko daude. Gainera, liburu honetan, idazle eta editore laguntzaile lanak osatu ditut. Ibaizabal argitaletxeagaz editore lanetan aritu naiz hamalau lanetan. Gainetik ezagutzen nuen mundu bat hurbiletik bizitzeko aukera izan dut. Editore lanaren atzetik dagoen lan eta ahalegin guztia ikusteko aukera izaten ari naiz. Merezi duten errekonozimendua ematen diet orain.
Liburua data onean kaleratu da: ikasturte hasieran eta Durangoko Azokaren atarian.
Data ezin egokiagoa da, bai. Gainera, batzuetan Durangoko Azokari begira, hobe da lehenago ateratzea, gero, abenduan, denak batera kaleratzen direlako. Berritasun asko izango dira azokan, nonahi egongo dira, eta hainbesteren artean arreta erakartzea zailagoa da.
Lehiakortasuna duzu hizpide. Umeen artean ere nabaritu duzu gizartean bata bestearen gainetik jartzeko dagoen joera hori?
Umeetan ikusi dudalako piztu zait txinparta, baina gizartean orokorrean dagoen joera da, gero eta gehiago esango nuke, tamalez. Eta ez da bakarrik kirolean, batzuek pentsatu dezaketen bezala; alor eta maila guztietara hedatzen den jarrera da. Z
ergatia ez dakit, soziologoek egin beharreko azterketa izango litzateke. Baina bistakoa da balioen aldaketa eta desagerpena dagoela. Orokorrean, jendea gehiago arduratzen da edukitzeaz, izateaz baino. Kontsumoaren eta sare sozialaren olatuak ere hor daude: aurrean dagoen guztia harrapatu eta eramaten dute; oinarri sendoa ez badaukazu, errazago gainera. Lehiakortasuna denean dago, gizarteko alor eta maila guztietan. Eta ez dugu ahaztu behar umeak helduen ispilu direla, eta helduek gizarteko joerak jarraitzen dituzte.
Ondorioz, umeek ume izaten jarraitzen dute?
Bai. Egia da azkarrago hazten direla, gu baino azkarrago bai, behintzat. Guk bizi izan genituen garaiek eta gaur egungoek ez dute zerikusirik. Estimulu askoz gehiago dituzte, eta, horrenbestez, askoz bizkorrago espabilatzen dira. Horrek alde onak eta ez hain onak ditu. Baina, umeek bakarrik ez, helduok ere ume izaten jarraitu beharko genukeela esango nuke. Umeek duten harridurarako gaitasuna, ilusioa, gogoa eta jakingura mantendu beharko genituzke nagusiagoak garenean.
Aldatzen ari den gauzetako bat umeen euskarriak dira.
Ume txikiek liburuak objektu bezala maite dituzte. Ez dut uste liburuak desagertuko direnik, nahiz eta digitalizazioa eta bestelako euskarriak heldu. Irakurleak garenok, berdin dio adinak, liburua objektu bezala baloratzen dugu. Utzi ezin dugun zerbait dela uste dut. Liburuagaz harreman hori ez duenak bestelako euskarrietara joko du. Nik betidanik izan dut liburuagaz harreman berezi bat. Argi dago euskarri digitalek bere bidea egingo dutela gizarte zabalean, baina ez dut uste digitalizaziorako aldaketa hori hain arin ematen ari denik, eta, agian, konturatu orduko paperezko euskarrira itzuliko gara.
“‘Lami eta Maru’ proiektu polita izan zen, oso gustura aritu nintzen eta helburuak bete genituen“
Berriatuko Lami eta Maru erraldoien liburua ere idatzi zenuen. Zelan jaso zenuen proposamena?
Pozik hartu nuen, eta erronka bezala ere bai. Herriko eragile askok parte hartu zuten prozesu parte hartzailea izan zen. Beti ardura ematen dizu horrelako istorio bat sortu behar izateak, are gehiago zure herrian. Bileretan herriko toki desberdinak islatzeko ideia atera zen, eta istorioa josten joan nintzen. Proiektu polita izan zen, oso gustura aritu nintzen, eta helburuak bete genituen.
Irrimarra da bi liburuetako marrazkilari.
Zoritxarrez, ezin izan dugu idazleak eta ilustratzaileak elkarrekin eta aldi berean lan egin, eta horrelakoetan bai gustatzen zaidala. Istorioa alde batetik idatzi nuen, eta gero gainetik marrazkiak egin zituzten. Hala ere, oso pozik nago emaitzagaz. Lami eta Maruren liburua egiteko, adibidez, Berriatuko txokoetako argazkiak bidali nizkion oinarri bezala, bakarrik istorioa ez izateko iturri bezala. Ali, Eli, Oli lehian liburuaren kasuan, beldurra nuen ahateak desberdinduko ote ziren, baina koloreen bidez desberdintzeko gai izan da, ez bakarrik protagonistak eurak, protagonistak eta gainontzekoak ere bai.
Ume hain txikientzako marrazkiek are garrantzi handiagoa dute.
Liburu hauek irakurri gabe ere, marrazkiei bakarrik erreparatuta, istorioa ulertu daitekeela esango nuke. Eta hori ere garrantzitsua da, batez ere, txikienentzat. Polita da umeek bi aukera horiek izatea.
