Lea-Artibai Mankomunitateak GaztePsik zerbitzua jarri du martxan
14 eta 30 urte bitarteko gazteentzako psikologia zerbitzua da. Interesa dutenek azaroaren 28ra arte eman dezakete izena, zazpi saio izango dira.
Lea-Artibai Mankomunitateak GaztePsik proiektua jarri du martxan eta Lea Ibarra Amankomunazgoaren laguntzagaz batera. GaztePsik psikologia zerbitzua da, eskualdeko 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzat pentsatutakoa. “Gazteen ongizatea sustatzeko eta behar emozionalei arreta egokia eskaintzeko bidean gure ekarpena egin nahi dugu”, diote.
Onuradurek zazpi saio izango ditu, nabarmendu dute gutxienez lehendabizikoa eta azkena behintzat aurrez aurrekoak izango direla. Interesa dutenek 10 euro ordainduko dutu saioko, gainontzekoa Lea-Artibai Mankomunitateak jarriko du. Erabaki horrekin gazteei zerbitzu psikologikoa “hurbildu, erraztu eta arrazoizko prezioan” eskaini nahi diete: “Gero eta gehiago dira gaur egun zerbitzua behar eta nahi dutenak, baina ekonomikoki aurre egiteko gaitasunik ez dutenak, kontuak ateratzen ez direlako eta bestelakoak aurretik jarri behar dituztelako”. Lau psikologok osatuko dute taldea.
Interesa dutenek dagoeneko izena eman dezakete, azaroaren 28a izango da horretarako azken eguna. Izena emateko inprimakia bete behar da, adin txikikoek saioetan parte hartzeko gurasoen edo tutorearen baimena beharko duela gogoratu dute. Edozein zalantza argitzeko edo galderaren bat egiteko Lea-Artibai Mankomunitateagaz harremanetan jartzea eskatu dute: 94-616 90 68 telefonoaren bidez edo ongizate@lea-artibai.org posta elektronikora mezu bat bidaliz.
Kezkatuta
Duela urtebete ingurutik dator proiektua, eskualdeko ikastetxe eta guraso elkarteekin egin zituzten bileretatik. Bertan, Mankomunitatetik beraien beharrizanak jasotzen dituzte, ahal duten heinean lagundu ahal izateko. Horietako baten azalerazi zuten gazteen egoera psikologikoaren inguruko haien kezka. “Kezka berezi bat jaso genuen gazteen osasun mentalaren inguruan, batez ere COVID pandemiaren ostean nabariagoa zela. Hezkuntza zentroetako irakasleek zein gurasoek nabaritzen zuten zerbait zen, eta eskualde maila osoan zabaltzen zen”.
Mankomunitatetik azaldu dute “gai garrantzitsua” dela, eta nahiz eta berez beraien arduren edo eginbeharren barruan ez egon, kezkagaz konpromisoa hartu nahi izan zuten. “Gure aldetik beti saiatzen gara jasotzen ditugun kezka edo arazoei aurre egiten, are gehiago horrelako gaiekin”, esan dute.
“Kezka berezi bat jaso genuen gazteen osasun mentalaren inguruan, batez ere COVID pandemiaren garaiaren ostean nabariagoa zela.
Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun Sailagaz harremanetan jarri ziren Mankomunitatetik laguntza eske. Eskualdeko udalek, ikastetxeek eta guraso elkarteek idatzi bateratu bat prestatu zuten, bestelako eskakizunen artean, batez ere hezkuntza zentroetan laguntza eta baliabide gehiago eskatuz. Erantzuna izan zen dagoeneko horrelako egoetarako prokotoloak eta laguntzak zehaztuta daudela eta ez zutela bestelakorik bidaliko.
Erantzun horren aurrean, Mankomunitateak aurrerapauso bat emateko beharra ikusi zuen. “Eskualdean itzelezko ardura dago gazteen osasun mentalaren inguruan. Berez, osasun gai bat da, hezkuntzara bideratuta dagoena, baina erantzunik jaso ez dugunez, gure bidea eraikitzea erabaki dugu”.
Mankomunitatetik hurbiltasunean arreta berezia jarri nahi izan dute: “Badaude eskualdetik kanpokoak diren psikologoak, baina guretzat garrantzitsua da haiek gerturatu ahal izatea, zerbitzua hartzen dutenak kanpora mugitzea baino”. Hain zuzen ere, saio presentzialak Markina-Xemeingo Mankomunitatearen Patrokua Jauregian izango dira. Hortik aurrera, lehen bi saioak kenduta, gainontzekoak Internet bidez egiteko aukera egongo da onuradunek horrela nahi eta behar badute. Azaldu dutenez, adinaren kontua gazteei mugatzea bakarrik hasiera bat besterik ez da, hau da, aurrera begira tartea handitzeko aukera egon daiteke beharrizana ikusiz gero.
Proiektuagaz esku artean “denbora nahiko” daramatzate, batez ere lanak izan dituztela psikologoak aurkitzerakoan, diru laguntzak eskatzerakoan edota antolaketa egiterakoan. Adibidez, Durangaldean antzeko zerbitzu bat jarri zuten martxan duela urte batzuk, eta haiekin harremanetan jarri nahi izan zuten haien esperientziaren berri izateko.
Enpresa pribatuek ere laguntza ekonomikoa eman dutela nabarmendu dute, eta “oso eskertuta” agertu dira haiekin “beharrezkoa” ikusten dute proiektua aurrera eraman ahal izateko erakutsitako prestutasunagatik. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Burdinola, Eika eta Maier kooperatibei, finantziazioan lagundu digutelako; Osasun saileko Osasuna sustatzeko atalari; eta Psikologokoen elkargoari, gure inguruko psikologia gabineteen artean proiektuari buruzko informazioa zabaltzen laguntzeagatik”.