Lekeitioko Udalak Israelekin harreman komertzialak eta ekonomikoak etetea erabaki du
Osoko Bilkuran onartu zuten erabakia: EH Bilduk alde bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen.
“Palestinar herria Israeldar estatuaren eskutik sufritzen ari den genozidioak ez du ezelako justifikaziorik”. Horregatik, Lekeitioko Udala ez dago prest egoera normalitzatzeko eta Israel isolatu eta Palestina babestu nahi du. Osoko Bilkuran erabaki zuen udalak Israelekin harreman komertzialak eta ekonomikoak etetea, Israelekin harremanik izatea “onartezina” delako. EH Bilduk alde bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen.
“Israel eta Hamasen arteko akordioa onartu bada ere, ez dago hau betetzeko ezelako bermerik. Gainera, argi izan behar dugu akordioa onartu izanak ez dakarrela genozidioaren amaiera. Goseteak, desplazamenduek, lurraldearen okupazioak, gaixotasunek, oinarrizko lehengaien eskasiak… indarrean jarraitzen dute”. Hain zuzen ere, Palestinak “inoiz baino gehiago” mundu osoaren babesa jaso behar duela uste dute: “Batetik, akordioa bete dadin, eta bestetik, genozidioa amaitu dadin”. Bide horretatik, azkenaldian Europako zeinbat herrialdek Israelekiko harremanak eten dituzte, eta orain Lekeitioko Udalak bide beretik jo du isolazioa “bide eraginkorra” dela ikusi dutelako eta “ekarpena” egin nahi dutelako.
Horregatik, udalak kontratuak esleitzeko prozedura guztietan nahitaez eskatuko dute lizitatzaileek erantzukizunpeko adierazpena sinatzea, nazioarteko zuzenbidea betetzeari dagokionez. “Jarraibide hori nahitaez aplikatuko da udalean, eta bere sektore publikokoak diren nortasun juridiko propiodun erakunde guztietan. Halaber, erabaki hau aplikatzen zaie Lekeitioko Udalaren baliabide publikoekin finantzatutako kontratuak esleitzen dituzten erakunde guztiei, haien finantzaketa-ehunekoa edozein dela ere”.
Bestetik, udalerriko kontratazio guztiak berrikusiko dituzte eta Israelgo estatuagaz egon daitekeen kontratu harremanen bat aurkituz gero, kontratua etea aztertuko dute eta ez dela lutzatzen ziurtatuko dute. Gainera, Lekeitioko Udalak ez du parte hartuko Israelgo gobernuak eta genozidioa ahalbidetzen duten politikak babesten edo legitimatzen dituen erakundeek parte hartzen duten ekitaldietan: kirola, ekonomia, akademikoa, kulturala edo beste mota batekoa. Azkenik, udalak ez du ez diruz ez logistikoki lagunduko Israelgo partaideak dituen edozein motatako ekitaldirik, baldin eta, partaide horiek ez badute publikoki Israelgo gobernua gaitzesten.