Arrillaga-Argoitia eta Gogenola-Aldazabal bikoteak elitekoak dira
Mutrikuko Miruaitz frontoiak hartu zituen barikuan [azaroak 14] Elite Txapelketako finalak.
Euskal Pilota Federakuntzak antolatzen duen Elite Txapelketak baditu txapeldun berriak. Aurten lehen aldiz Mutrikuko Danok Bat elkarteak neskena zein mutilena batera antolatzeko ardura hartu du eta barikuan [azaroak 14] jokatu zituzten Miruaitzen finalak.
Emakumezkoetan, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal ziren hautagai nagusiak, eta pronostikoak bete egin zituzten. Lehen setean erabateko nagusitasuna erakutsi zuten, 4-1 eta 8-3 aurreratu ziren. Maite Ortiz de Mendibil jokoz kanpo utzi nahi izan zuten eta jokoa Oaia OtaƱorengan bideratu. Gasteiztarra saiatu zen mutrikuar gazteari laguntzen, baina jokoaren amaieran ezin izan zuen: 15-5. bigarren jokoan bai gehiago sartu zen jokoan eta 0-4 aurreratzea lortu zuten. Pixkanaka berriatuarrak berriro partidari neurria hartu zioten eta hutsegiteak sahiestu zituzten. Partida berdindu egin zen bigarrenean, tanto luzeagoak ikusi ziren eta testuinguru horretan Gogenolak bere kalitatea erakutsi zuen tantoak amaitzerakoan: 15-11.
Gizonezkoetan ere goitik beherako partida ikusi ahal izan zuten zaleek. Bi partida partida berearen barruan. Lehen jokoan oso nagusi izan ziren Urko Lekerikabeaskoa eta Unai Uranga. Zuhaitz Arrillaga eta Ortzi Aldazabal Argoitia ezinean aritu ziren, aurkariek beti pilota bat gehiago sartzen zuten. Gainera, aurrelariak izan zituen errematatzeko aukerak ez zituen baliatu. 10-4koarekin lehen seta apurtu zuten Lekerika gazteak eta Urangak, azkenean 15-9 gailendu arte. Atsedenaldian, berriz, Arrillagak eta Argoitik bestelako partida jokatu zuten, hutsegite gutxiago egin zituzten eta aurrean gehiago asmatu zuten. Hasieratik hartu zuten aurrea (1-4 eta 3-9) eta bolada ona baliatu zuten finala hirugarren setera bidaltzeko: 8-15.
Bide gorabeheratsuaren ostean, ikusi beharra zegoen zer nolako bidetik joko zuen hirugarren joko laburrak. Berdintasuna izan zen nagusi hasieran, baina Lekerikabeaskoak eta Urangak bazirudien bideratuta zeukatela 4-2koarekin. Ezta gutxiago ere, gernikarraren sake faltarekin tarteko, Arrillagak errebotean egin zuen azken tantoa 4-4nako berdinketarekin.
Antolatzaileek txapelketa guztian zehar bertaratutako jendetza nabarmendu dute, batez ere finalean. Orokorrean, lehiaketaren mailari dagokionez, puntista gazteagoak parte hartu dutela azpimarratu dute. Hain zuzen ere, horietako asko Daniara joango dira hurrengo hilabeteetan: Txanika, Argoitia, Mandiola edota Zelaia, besteak beste. “Jende asko elkartu da partida guztietan, eta finalean are gehiago. Pilotari gazteagoak izan ditugu aurten, baina erakutsi dute harrobian lan ona egiten dela eta puntista onak ateratzen ari garela eskoletatik”.