Giro “ezin hobea” nagusitu da bigarren eskuko azokan
Zapran guraso elkarteak domekan [azaroak 16] antolatu zuen, eskolako patioan.
“Egonkortzen doan ekintza da”. Lekeitioko Herri Eskolako Zapran guraso elkarteak antolatzen duen bigarren eskuko azokak dagoeneko bere tokia egin du egutegian. Laugarren aldiz antolatu zuten domekan [azaroak 16] 11:30etik 14:00etara, eskolako patioan. Eguraldi ona lagun, asko izan ziren bertaratu ziren herritarrak.
Hain zuzen ere, antolatzaileek bizitako “giro ezin hobea” nabarmendu dute. Egun “zoragarria” izan zela esan dute eta eskola herrira zabaltzeko aukera izan zuten. “Etxeko gauzei bigarren edota hirugarren bizi bat emateko aukera izan genuen, baita inguruko ekoizleak ezagutzeko parada izan edota artisauen lana balioan jarri”, azaldu dute. Horrenbestez, eskerrak eman nahi izan dizkiete bertaratu diren guztiei. Era berean, hurrengo urtean berriro ere antolatzeko ideia argi daukate Zapran guraso elkartetik, eta horrela bosgarren urteurrena bete.
