Herri librez osatutako munduaren aldarria
Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko neurketa eta horren inguruan bizitakoa "historikotzat jo" dute antolatzaileek. Genozidioa salatzeko eta ofizialtasuna aldarrikatzeko eguna izan zen zapatukoa.
“Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko neurketa zein horren inguruan bizitakoa herri honen memoria kolektiboan iltzatuta geratuko den eguna izango da”. Zapatuan 51.000 lagun baino gehiago elkartu ziren San Mamesen, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunarteko partida ikusteko, genozidioa salatzeko eta ofizialtasuna aldarrikatzeko. Bakearen eta elkartasunaren aldeko mezua zabaldu zuten zelaian. Baina are gehiago izan ziren partida berotzeko bi mobilizazioetan parte hartu zutenak. Antolatzaileek partidaren zein ekitaldien balorazio bikaina egin dute. “Euskal Herri anitzak, Euskal Herri solidarioak eta Euskal Herriko sen komunitarioak irabazi zuen”.

Gure Eskuk, Gu Ere Baik eta Gernika-Palestina plataformek deitako mobilizazioa.Gernika-Palestina herri ekimena
Elkartasuna, aldarrikapena eta kirola eskutik joan ziren zapatuan, Bilbon. Euskal Selezioak Palestinakoari 3-0 irabazi bazion ere, partida bat baino gehiago izan zen hitzordua, “elkartasun festa” bat. Izan ere, Palestinak lehenengoz jokatu zuen Europan, eta jende gehien bildu zuen orain arteko Euskal Selekzioaren partida izan zen. Hala, Palestinako Futbol Federazioak eskerrak eman zizkien Palestinaren alde oihukatu zuten zaleei: “Zuen hurbiltasuna, maitasuna eta ahotsa oso garrantzitsuak dira gure herriarentzat. Egun zail hauetan, zuen babesak ez gaudela bakarrik gogorarazten digu. Eskerrik asko gure alboan egoteagatik”.
Partidaren aurreko giroa bi mobilizaziok berotu zuten. Palestinarekin Elkartasuna plataformak euskal zaletuekin batera deitutako kalejira izan zen bat, eta Gure Eskuk, Gu Ere Baik eta Gernika-Palestina plataformek deitako elkartasun martxa, bestea.
Azken horiek, Euskal Herriak herri librez osaturiko mundua aldarrikatu zuela azpimarratu zuten, kalejiraren zein partidaren balorazio “bikaina” egiteaz gain. “Euskal Herriak harrera beroa egin dio Palestinari. Euskal Herriak elkartasun ariketa kolektiboa egin du. Euskal Herriak bere selezioaren ofizialtasuna aldarrikatuz, esparru guztietan bere burua ordezkatu nahi duela adierazi du. Euskal Herriak herri librez osaturiko mundua aldarrikatu du munduaren aurrean. Hori lortzeko konprimisoa hartu dugu, eta lortuko dugu”, adierazi zuten deitzaileek.
Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak nabarmendu zuen Palestinak zein Euskal Herriak eskubidea dutela bakean bizitzeko: “Palestina librea eta Euskal Herri librea nahi ditugu. Bi herriek eskubidea dute bakean eta askatasunez bizitzeko eta euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko”.
Zapatukoa aste osoko elkartasun eta senidetasun “keinu sorta baten” eta “lan luze baten amaiera bikaina” izan zela gehitu zuten, “elkartasunaren eta askatasunaren aldekoa”; hala ere, aldarrikapen partidak zein horren inguruko festak “hondarra” utzi duela azpimarratu dute, eta uste dute hori “primerako lehengaia” izango dela Palestinarekiko elkartasuna lantzen jarraitzeko, baita munduaren aurrean Euskal Herria herri gisa agertzen jarraitzeko eta herri libreak aldarrikatzen segitzeko ere, Ibon Meñika Gernika-Palestinaren bozeramaileak atzo (azaroak 16) adierazitakoaren arabera.

Gure Eskuk, Gu Ere Baik eta Gernika-Palestina plataformek deitako mobilizazioa.Gernika-Palestina herri ekimena
San Mamesen bizitako elkartasun festa erraldoia “hunkigarria, gogoangarria” izan zela azpimarratu zuen: “Ziur gaude milaka lagunek betiko gordeko dutela oroimenean”. Eta, bestetik, kalera ateratako milaka eta milaka lagunen presentzia nabarmendu zuen Meñikak. “Gure martxaren burua Jesusen Bihotzera iritsi zenean, azkenak oraindik Arriagatik ateratzen ari ziren: ibilbide osoa bete zen, eta mobilizazio anitza izan zen, zeinetan adin guztietako jendeak, familiek, eta sentsilitate askotako jendeak bat egin zuen”. Hala, martxa horretan zein egun osoan Palestinarekiko elkartasunaren eta Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mezua zabaltzen lagundu zuten hamarnaka boluntarioen lana balioan jarri zuen, “hori ere izugarria eta eskertzekoa” zela adierazita.
Horiez guztiez gain, gizarte zibilak zein kirol munduak Euskadiko Futbol Federakundeak bultzatutako ekimenaren inguruan erakutsitako “batasuna” azpimarratu zuen: “EHUk erakutsitako konpromisoa, futbol kluben laguntza, jokalarien prestutasuna…”. Eta, azkenik, ekitaldiak nazioartean izandako oihartzuna “handia” izan dela nabarmendu dute: “Jarraipen zabala izan dute partidak zein mobilizazioek. Oihartzun handia izan du nazioartean Euskal Herriak atzo bidalitako elkartasun mezu erraldoiak”.
Hemendik aurrera.
Elkartasun martxaren hiru deitzaileek hemendik aurrera egin beharrekoan jarri zuten fokua: “Palestinaren egoerak oso larrai izaten jarraitzen du. Palestina babesteko eta Israel isolatzeko konpromisoak hartzen jarraitu beahr da. Eta, Euskal Herria munduan aitortua izan dadin ere lanean jarraitu behar da”. Hala, herri libreen existentzia ziurtutatzeko lanean jarraituko dute, hori babestuko duen nazioarteko legedia aldarrikatzen. “Nabarmendu nahi dugu, ildo horretatik, saharar herriak gure martxan izandako ordezkaritza”, gaineratu zuen Meñikak.
Eta, datozen egunetako kirol probei ere erreparatu zieten, gogoraraziz hilaren 23an (domeka) Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren jaia izango zela, oraingoan Bilbon, pilotako Nazioen Ligan. Bertan parte hartuko du euskal selekzioak eta ofizialtasunaren aldarrikapenak ere presentzia izango du.
Eraildako kirolariak gogoan.
Palestinarekin Elkartasunak eta Euskal Herriko zaletuen harmailek egindako kalejiran ere milaka lagun bildu ziren, palestinar erresistentziaren aldeko aldarriz betez Bilboko kaleak. Gainera, eraildako kirolari palestinarrak omendu zituzten Arriaga inguruan. Ehunka pertsona bildu ziren bertan, eta gogorarazi zuten, 2023tik gaur egunera bitartean 1.300 kirolari palestinar baino gehiago erail dituela Israelgo estatuak. “Horietatik 421 ziren futbolariak —103 adin txikikoak—, eta 894 Olinpiar Jokooetako atletak. Gainera, sionistek etengabe egindako bonbardaketetan 292 kirol instalazio suntsitu dituzte Palestinan, horien %90 Gazan”.
Eta, arratsaldeko kalejiran, Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeaz gain, “palestinar erresistentziaren defentsa” egin zuten, Israel estatu terrorista leloa zeraman pankarta zeramatela.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak euskal zaletuekin batera deitutako mobilizazioa.Palestinarekin Elkartasuna