‘Biribilak mendietan’ erakusketa ikusgai dago Goikolau Aretoan
Abenduaren 12ra arte jarri dute, eta barikuetan eta domekatan bisitatu daiteke, doan.
Goikolau Elkarteak herri ondarea erakusteko bere konpromisoari eutsiz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Biribilak mendietan erakusketa Berriatura ekarri du udalagaz elkarlanean. Goikolau aretoak hartuko du erakusketa abenduaren 12ra arte, barikuetan 19:00etatik 20:00etara eta domekatan 12:00etatik 13:00etara egongo da ikusgai. Sarrera doakoa da.
Hain zuzen ere, barikuan [azaroak 14] zabaldu zituzten ateak, jenderik gehien domekan [azaroak 16] elkartu bazen ere, mezaren astean nagusi ugari bertaratu zirela esan dute Goikolau Elkartetik. “Harrera ona” izan zuela nabarmendu dute eta herriarekiko elkartearen konpromisoa berretsi egin dute.
Erakusketan, Euskal Herrian mendiak eta herri-lurrak zelan antolatzen ziren azaltzen da, eta beraien jatorria, egiturak, neurketak, motak edo garapen historikoak. Lur horietako askok harri handi bat zuten erdian eta horren inguruan biribila osatzen zuten mugak ezartzeko.
“Erakusketa honetan, lehenengoz, korta edo saroien misterioak azaleratzen dituen ikerketa bat jasotzen da. Mendi eta herri-lurretan oinarritutako antolaketa baten esparruan sortu ziren, eta ondasun publiko baten erabilera pribatizatzeko lehen moduetako bat izan ziren. Lurrok hiribildu eta kontzejuenak ziren eta abeltzaintza-ekonomia sustatzeko lagatzen zituzten”, esan dute aldunditik.
Oinarrizko kontakizun “argigarria” egiten duela dio kultura ondare horren berezitasunak ezagutarazteko, eta, besteak beste, panelak, dokumentu historikoak, pieza originalak, aireko argazkiak, kartografia eta ikus-entzuneko materialak daude. Goikolau Elkartetik, adibidez, Berriatuaren egitura ekarri dute gogora: “Lehen mendiaren magalean antolatzen ziren etxeak eta kortak, gero antolatu izan ziren gaur egungo Berriatuko herrigunean. Korta-Harriek ezartzen zuten lurren banaketa, bertan jartzen zituzte lehen batez ere behiak eta txerriak”.