Bizkaiko gizonezkoen Harrijasotze Txapelketa eta Euskadiko Aizkolarien Txapelketa hartuko ditu Etxebarriak
Domekan [azaroak 23] goi mailako aizkolari eta harrijasotzaileak ikusteko aukera egongo da, 12:00etan, herriko frontoian.
Herri kirol saio bikoitzaz gozatu ahal izango dute Etxebarrian domekan [azaroak 23]. Goi mailako kirolarien jardunaz gozatzeko aukera egongo da herriko frontoian, 12:00etatik aurrera. Alde batetik, Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak antolatuta, Bizkaiko gizonezkoen Harrijasotze Txapelketa egongo da, eta bestetik, Euskadiko Herri Kirol Federakundeak antolatuta, Euskadiko Aizkolarien 2. mailako Txapelketako finala egingo dute. Bietan ere, Etxebarriko Udalaren babesagaz eroan dute aurrera saioa.
Harrijasotzaileei dagokienez, Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko Inhar Urruzuno, Kortezubiko Eneko Bilbao, Getxo Herri Kirol Klubeko Iñigo Arri eta Txondor Herri Kirol Klubeko Jon Gisasola Zelai V eta Haritz Norde ariko dira lehian. Hiru zeregin edukiko dituzte egiteko, eta ez dira edonolakoak izango. Hiru minutuko saioak egingo dituzte, 112,5 kiloko kopagaz, 112,5 kiloko kubikoagaz eta 100 kiloko bolagaz.
Aizkolarien finalean, ostera, sei kirolarik lehiatuko dute. Hiru nafar eta hiru gipuzkoar ariko dira lehian, eta tartean ariko da Ugaitz Mugertza mutrikuarra ere. Mugertzagaz batera lehiatuko dute Ibai Soroak (Arribe), Xuban Kañamaresek (Arostegi), Eneko Saralegik (Errazkin), Arkaitz Etxebestek (Igeldo) eta Jesus Mari Mujikak (Ibarra).