Osasuna eta ekintzailetza elkartuko ditu Lea-Artibaiko I. Osasun Biltzarrak
Azaroko azken bi zapatuetan [azaroak 22 eta 29] zortzi adituk euren esperientzia eta proiektuak partekatuko dituzte, herritarren ongizatea eta tokiko ekintzaile berriak bultzatzeko. Zapatuan 11:00etan hasiko da lehenengo jardunaldia.
Herri eta herritar osasuntsuagoak lemapean, prest dago dena Lea-Artibaiko I. Osasun Biltzarra egiteko. Alex Arrate dibulgatzaile zientifiko eta dietistak antolatuta, eta Leartibai Fundazioaren babesagaz, zapatuan [azaroak 22] eta azaroaren 29an eskualdeko osasun arloko ekintzaile ezberdinak elkartuko dira Lea-Artibaiko Berrikuntza Guneko aretoan. Guztira zortzi izango dira gonbidatuak, entrenatzaile, coach, psikologo, fisioteraupeuta nahiz bestelako adituak, tartean.
Arratek adierazi duenez, zenbait helburu bete gura dute lehenengo biltzar horrekin. Alde batetik, eskualdeko osasun arloko ekintzaileak ezagutzera eman nahi dituzte. Horren bitartez, alde batetik, herritarrei osasun munduko gai desberdinen inguruko informazioa eman nahi diete. Bestetik, ekintzaile berriak bultzatu nahi dituzte: “Ekintzaile hasiberriei edo etorkizunean ekintzailetzarekin hasteko asmoa dutenei negozioak abiatzeko dauden aukera ezberdinak eskaini nahi dizkiegu. Gainera, helburu horiez gain, genero berdintasuna edota euskara bezala gaiei ere bultzada bat eman nahi diogu”.
Hala, bi egunetan banatu dute biltzarra; bertaratu nahi dutenek ez dute izena eman beharrik. Zapatukoari [azaroak 22] dagokionez, bost gonbidatu egongo dira, eta bakoitzak 30 minutuko saioa eskainiko du: Gontzal Uriona prestatzaile fisikoa, Ander Txakartegi Helmugak proiektu solidarioaren sortzailea, Jone Maguregi entrenatzailea eta powerlifterra, Alazne Madariaga zoru pelbikoak espezialista eta Jule Arkotxa entrenatzailea eta arraunlari profesionala izango dira lehenengo gonbidatuak.
Urionari dagokionez, lesioak errekuperatu eta entrenamendu pertsonalean espezializatutako prestatzaile fisikoa da, eta goi-mailako hainbat kirolari prestatu ditu. Txakartegik, ostera, Helmugak proiektuaren inguruan hitz egingo du: “Proiektuaren ardatz diren kirola, natura, pertsonen baloreak eta euskara bezalako gaiak landuko ditu, besteak beste”. Maguregik hainbat errekor ezarri ditu, eta haren ofizioari buruz ariko da: “Indarrezko entrenamendua oinarri hartuta dozenaka eta dozenaka pertsonari euren kirol eta osasun helburuak lortzen laguntzen dabil”. Madariaga, ostera, zoru pelbikoan espezialista izateaz gain, kate muskularretan ere bada: “Gorputzeko postura ezberdinek gure osasunean duten eragina, bereziki erditu osteko emakumeenen zoru pelbikoan, jendeari transmititzea da bere eguneroko lanaren funtsezko zati bat”. Azkenik, Arkotxak proiektu berria dauka esku artean, eta ekintzaile izatearen inguruan ariko da, besteak beste: “Pertsonei osasun egoera hobetzen eta lesioetatik errekuperatzen laguntzen ari da”.
Azaroaren 29an, aldiz, Maitane Gabiola psikologoaren, Mikel Stevenson fisioterapeutaren eta Iker Ajuria kirol coacharen txanda izango da. Gabiolari dagokionez, duela zenbait urtetatik Lea-Artibai Berrikuntza Gunean hainbat zerbitzu ematen ditu, besteak beste, familia terapian, bikote terapian, haur eta nerabe terapian zein atxikimendu eta apego terapian oinarritutakoak; osasun mentalari buruz jardungo du biltzarrean. Stevenson, ostera, fisioterapia, osteopatia zein fisioterapia inbaditzaile aurreratuaren inguruan ariko da, eta Ajuria, Eibar futbol taldean kirol coach moduan egiten duen lanaren inguruan, besteak beste.
Saio guztien gidaria izango da, era berean, Arrate antolatzailea ere; 2019az geroztik pertsonei euren osasun-egoera, kirol-errendimentua eta egoera fisikoa hobetzen laguntzen dihardu, bizimoduan aldaketak burutuz. Era berean, sare sozialak ere erabiltzen ditu bizi ohitura osasuntsuen inguruko informazioa zabaltzeko.
Egitaraua.
- Zapatua, azaroak 22.
- 11:15. Gontzal Uriona.
- 11:45. Ander Txakartegi.
- 12:15. Jone Maguregi.
- 12:45. Alazne Madariaga.
- 13:15. Jule Arkotxa.
- Azaroak 29.
- 11:15. Maitane Gabiola
- 11:45. Mikel Stevenson.
- 12:15. Iker Ajuria.