Umeek harreman osasuntsuak eta kudeaketa emozionala izateko eskubidea aldarrikatu dute
Bizkaiko 300 ikaslek hezkuntzak ikasleak bizitzarako prestatu behar dituela adierazi dute, besteak beste, Gernika-Lumoko Batzarretxean burututako VIII. Osoko Txikian.
Argazkia: Bizkaiko Batzar Nagusiak. Osoko Txikiaren zortzigarren aldia hartu du, gaur, Gernika-Lumoko Batzar Etxeak. Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UNICEFeko Euskadiko Batzordeak Umeen Nazioarteko Egunaren barruan, elkarregaz antolatu duten Ezohiko Batzarrean bildu dira, hain zuzen ere, Bizkaiko 10 ikastetxetako ikasleen ordezkariak, eta lurraldeko eskualde desberdinetako 300 ikasle.
Ikasleek euren ahotsa altzatu dute, “garapen osorako eskubidea” aldarrikatuz, Zuen Balioak Lau Haizeetara 2025 lelopean, eta Harreman interpertsonal osasuntsuak eraikitzen izenburupean. Hala nola, hezkuntzak ikasleak bizitzarako prestatu behar dituela nabarmendu dute: “Besteak ulertzeko prestatu behar gaitu hezkuntzak. Gure emozioak kudeatzeko eta harreman osasuntsuak ereiteko”. Eta, harreman osasuntsuen eta kudeaketa emozionalaren aldeko dekalogoan adierazten den bezala, azken aldarrikapenak “ikaskuntza mota hori lehenesteko eskaera argiak” egiten dizkio gizarte eta erakundeei.
Dekalogo horretan aipatzen denez, gazteek ez dituzte “kontrola, joloskortasuna eta manipulazioa” onartuko; are gehiago, testuak “berdintasuna eta askatasuna defendatzeko ideia” garatzen du. Hala nola, laguntza eskatzearen beharraren inguruan ere jardun dute, dekalogoaren baitan: “Laguntza eskatzea ez da ahulezia, ausardia baino, eta elkar lagunduko dugu”.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari Ana Otadui Biterik balioan jarri du ikastetxeek Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 29. artikuluaren inguruan egin duten lana: “Artikulu horrek gogorarazten digu heztea ez dala matematika edo historia ikastea bakarrik, baita persona aske, kritiko, solidario eta arduratsuak izaten ikastea ere badela. Lan egin duzue, eztabaidatu, entzun, eta akordioak bilatu dituzue. Hori da demokraziaren funtsa: elkarrekin berba egitea, errespetatzea eta erabakitzea“.
Joseba Madariaga Ibarra Unicef-eko Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordeko presidentearen iritziz, “parte-hartzean hezteak persona lez hazteko eta garatzeko hegoak ematen dizkie umeei, inguruan dituen mundua hobetzeko erantzukizunagaz eta taldean behar egiteko borondateagaz”.
Gauzak horrela, Osoko Txikiko ekitaldi nagusia ikastetxeetako 10 ordezkarik, Batzar Nagusietako Lehendakariak, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak eta Batzar Nagusietako bost taldeetako ordezkariek egin duten adierazpenaren sinadura izan da. Osokoa amaitu ostean, gainera, jardunaldiari amaiera emoteko, ikastetxe bakoitzeko ordezkariek Foru parlamentuaren Ohorezko Liburuan sinatu dute.