'Egitura, konplizitate sare eta anaidiekin' apurtzeko deia egin dute
‘Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista’ lelopean hartuko ditu kaleak Bilgune Feministak. Lea-Artibai eta Mutrikuko herrietan elkarretaratze nahiz bestelako ekintza ugari egingo dituzte.
1999an Nazio Batuen Erakundeak emakumeenganako indarkeria deuseztatzeko nazioarteko egun legez aldarrikatu zuen azaroaren 25a, eta, geroztik, hango eta hemengo emakumeek elkarri eskua eman, ahotsa altxatu eta herri eta hiriak askatasun aldarriz betetzeko hitzordu finkoa da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna.
Iaz “erabat normalizatuta” dauden eraso, bortxaketa, beldur eta erailketak salatzeko, mobilizatzeko deia zabaldu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta aurten, berriz, egunerokotasunean ikusten diren indarkeria matxistaren hamaika formak babestu eta sostengatzen dituzten “egituretan, konplizitate sareetan eta anaidietan” jarriko dute fokua. Izan ere, emakume, trans eta bollerek jasaten duten indarkeria “ez dela ausazkoa” salatuko dute: “Sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialak askotariko egiturak eta mekanismoak ditu martxan, gure gorputz eta lurraldeetan indarkeria betikotzeko eta, horrela, sistema betikotzeko”.
Konplizitate eta anaidia sareak “paktu patriarkalak, konplizitate eta isiltasun sareak” direla eta horietan, gizonez gain “bestelako egiturek” ere parte hartzen dutela zehaztu dute: “Indarkeria matxista lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartzen ez duten erakundeek ere parte hartzen dute, alegia, eta tartean, justizia sistema, non babesgabe eta inongo sinesgarritasunik gabe uzten gaituen etengabe”.
Era berean, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean, ematen duten urrats bakoitzeko “oldarraldi berri bat” martxan jartzen dela aldarrikatuko du Euskal Herriko Bilgune Feministak, gaur egun “oldarraldi betean” gaudela zehaztuz: “Gorrotozko diskurtsoak eta feminismoaren kontrako diskurtsoak inpunitate osoz zabaltzen ari dira, sareetan, komunikabideetan nahiz kaleetan: feministon kontrako mezuak, mezu transfoboak, arrazistak…”.
Azkenaldian zabaltzen ari diren feminismoaren kontrako diskurtsoek “legitimitatea kentzen” diete aldarriei: “Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean, boikot egin digute, eta gutxietsiak izan gara”. Ozen adierazi dute zilegitasuna kentzen dieten gizonezkoek “konplizitatea eta anaidia” dituztela lagun: “Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira”.
Borroka antiarrazista.
Feminismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako diskurtsoen aitzakiapean bestelako gorroto mezuak ere zabaltzen direla nabarmendu dute, tartean, arrazakeria. Horren aurrean, borroka antiarrazista izan behar dela gogoratu dute eta mezu horien aurrean antolatuta egongo direla: “Sistema arrazista eta kolonialista betikotzen dituzten egiturak salatzen jarraituko dugu, tartean, berau sostengatzen duten legeak deuseztatzeko eskatzen ere, atzerritartasun legea, kasu”.
Euskal Herriko Bilgune Feministak iazko mobilizazioetatik gaur arte Euskal Herrian eraildako sei emakumeak ere gogoratuko ditu, “indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak” direlako. Horrez gain, munduan zehar borroka feministan dihardutenei zabaldu die elkartasun keinua, bereziki, Palestinako feministei.
Erantzukizun komunitarioa.
Bestalde, Emakundek, Eudelek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek indarkeria matxista jasaten duten emakumeen inguruan “komunitatea sortzeko” eskatu diete herritarrei, Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada lelodun kanpainagaz. Azpimarratu dutenez, “bi emakumetik batek” indarkeria jasan du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta hortaz, “erantzukizuna soziala, komunitarioa eta instituzionala” da biktimei entzutea.
Emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria-mota batzuei buruzko inkesta 2024 azterlanaren arabera, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen “%48,2ak” indarkeria egoeraren bat bizi izan du. “Salaketak kasuen %15era iristen ez diren arren, emakumeen %80k indarkeria jasaten ari dela esaten die lagun, senide edota hurbilekoei”, zehaztu dute Emakumeen Euskal Erakundetik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur bertan [azaroak 21] jakinarazi duenez, 2024an zehar indarkeria matxistaren sei biktima artatu zituen Osakidetzak eguneko, 2.121 emakume guztira. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %3,2an egin zuen gora. Zehaztu dutenez emakume horietatik 374 sexu erasoen biktima izan ziren, 10etik 4 adinez txikikoak zirelarik. Aurten, berriz, Euskal Osasun Zerbitzuak sexu-erasoak jasan dituzten emakumeen 299 kasu antzeman ditu.
Osasun Sailak nabarmendu duenez, azken hamarkadan 21.549 profesionalek genero-indarkerian prestakuntza jaso dute, “400 prestakuntza-ekintza baino gehiagotan” parte hartuta.
Biktima diren emakumeek egiturazko arazo horri aurre egiteko duten zailtasuna arintzeko, gizarte “aktibo eta kontzientziatua” izatearen garrantzia azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak: “Pilota gizartearen teilatuan dago, eta gizarteak erantzun, lagundu, ulertu eta artatu egin behar du”. Eudeleko presidente den Esther Apraizek udalek biktimei arreta emateko duten ardura nabarmendu du, indarkeria matxistaren aurrean zaintzen eta mobilizatzen diren komunitateak gidatzeko “funtsezkoak” direla zehaztuz.
Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak indarkeria matxistaren ondorioak emakume eta seme-alabek pairatzen dituztela salatu du, indarkeria “kolektibo txarra” dela zehaztuz: “Indarkeria matxistaz arduratzen ez garen bakoitzean, gizarte okerragoa gara”.
“Denok irabazten dugu”.
Bizkaiko Foru Aldundiak “bereziki gazteei” zuzendutako Matxismoa desinstalatu kanpaina prestatu du, “jarrera matxistei, indarkeria normalizatuei eta diskurtso ukatzaileei aurre egiteko”.
Kanpainak eguneroko keinu bat erabiltzen du —mugikorraren aplikazio bat desinstalatzea—, eguneroko bizitzan desberdintasuna eta indarkeria eragiten duten portaerak eta mezuak ezabatzeko beharra ikusarazteko. Zehaztu dutenez, mezuak “errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko erantzukizun komuna” aldarrikatzen du.
Teresa Laespada ahaldun nagusiorde eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuaren ustez, “beharrezkoa” da matxismoa desinstalatzea eta norbere buruaren bertsio berri bati eustea: “Matxismoa desinstalatzen badugu, berdintasunetik pentsatzen eta jarduten badugu, denok irabazten dugu, gizonek eta emakumeek”.
Herrietan, ekintza ugari.
Beste behin, hamaika dira azaroaren 25aren harira, Lea-Artibai eta Mutrikun egingo diren elkarretaratze eta manifestazioak, baina bestelako ekintzek ere edukiko dute tokia.
Lea-Artibairi dagokionez, Markina-Xemeinen Mikel Etxabururen Manttalingo alaba poesia-liburua izango dute hizpide, eta errezitaldi musikatua egongo da Uhagonen azaroaren 27an [eguena]. Akordeoia, biolina eta ahotsa uztartuko dituzte, eta Saturrarango kartzelan giltzapetuta egon ziren emakumeak gogorarazteko saioa izango da. Hezkidetza Mahaitik, ostera, eragileetako bakoitzak mezu aldarrikatzaile bat sortu du, eta kalean ipiniko dituzte.
Lekeition, ostera, elkarretaratzean ondoren, Ikusgarri zineman elkartuko dira, La furia filma ikusteko; aurtengo martxoaren 8an estreinatu zuten filma, eta ordutik hainbat lehiaketatan hautatua izan da.
Herri txikiagoetan ere ez dira atzean geratuko. Aulestin gaur ekingo diete ekintzei, eta matxismoak eraildako emakumeak gogoratzeko apainketa egingo dute Arkupean. Ostean, Sasiak eta haziak dokumentala ikusiko dute: “Indarkeria matxista du hizpide ikus-entzunezkoak; Aiaraldeko (Araba) zazpi emakumeren bizipen eta hausnarketak jaso dituzte”.
Amoroton, aldiz, eskolak antolatu ditu ekintza guztiak. Hala, Heziketa begirakunea tailerra egingo dute gaur, eta positibo eta negatibo, hutsik eta beteta eta estanpazioa moduko kontzeptuak landuko dituzte. Astelehenean, ostera, ludotekan egingo dute saioa; Mundua aldatu zuten emakumeak izenburupean, mahaiaren bueltan elkartuko dira: “Ezagunak ez diren, baina, zerbait garrantzitsua egin duten emakume guztiak omendu nahi ditugu saio honen bitartez”. Eurei buruzko liburu zoragarrietan oinarrituz, saioan zehar Valentina Tereshkova, Malala Yousafzai eta Chih Shi ezagutuko ditugu, beste emakume zoragarri batzuen artean. Azkenik, martitzenetik aurrera Heziketa begirakuneko tailerretako lanak eta ikasleek sortutako kartela ipiniko dituzte ikusgai ikastetxeko sarreran; zenbait egunez egongo da ikusgai erakusketa —egunero iluntzera arte—.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI.
AMOROTO
- Gaur, barikua.
- 14:30. Heziketa begirakunea tailerra, Amorotoko eskolak antolatuta.
- Azaroak 24, astelehena.
- 11:30. Mundua aldatu zuten emakumeak liburuan oinarritutako saioa, ludotekan, Amorotoko eskolak antolatuta.
- Azaroak 25, martitzena.
- 11:00. Heziketa begirakuneko tailerretako lanak eta ikasleek sortutako kartela ikusgai, ikastetxe aurrean.
AULESTI
- Gaur, barikua.
- 18:00. Matxismoak eraildako emakumeak gogoratzeko apainketa, arkupean.
- 19:00. Sasiak eta haziak dokumentala, aretoan.
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:30. Elkarretaratzea, plazan.
BERRIATUA
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:00. Elkarretaratzea, plazan.
- 19:30. Susmoa dut nire ezagun bat indarkeria egoeran dagoela, herritar gisa zer egin dezaket? tertulia eta montxorra, frontoian.
- 21:30. Querer telesailaren lehenengo atalaren proiekzioa, bideogelan (50 minutu).
- Abenduak 2, martitzena.
- 21:30. Querer telesailaren bigarren atala, bideogelan (50 minutu).
- Abenduak 9, martitzena.
- 21:30. Querer telesailaren hirugarren atala, bideogelan (50 minutu).
- Abenduak 16, martitzena.
- 21:30. Querer telesailaren laugarren atala, bideogelan (50 minutu).
ETXEBARRIA
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:00. Elkarretaratzea eta irakurketa, plazan. Kartulinak egongo dira bakoitzak nahi duena idazteko, eta ostean ikusgai ipiniko dituzte plazan.
GIZABURUAGA
- Etzi, domeka
- 12:00. Puntu morea marraztea.
- 13:30. Puntu morea udaletxeko balkoian jartzea. Segituan. mezuaren irakurketa.
ISPASTER
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:00. Elkarretaratzea, herriko plazan; eguraldi txarra baldin bada, probatokian.
- Ostean. Manifestuaren irakurketa eta txokolate beroa.
LEKEITIO
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:30. Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista lelopean, elkarretaratzea, eskolapetik. Lekittoko Mugimendu Feministiak deituta.
- 19:00. La furia filmaren emanaldia, Ikusgarri zineman.
MARKINA-XEMEIN
- Azaroak 25, martitzena.
- 20:00. Erreakzioari lubaki feministatik erantzun lelopean, mobilizazoa Morelarrek deituta, Arkupetik.
- Jarraian, irakurketa.
- Azaroak 27, eguena.
- 19:00. Manttalingo alaba, Mikel Etxabururen poesialiburuan oinarritutako errezitaldi musikatua (akordeoia, bibolina eta ahotsa), Uhagon Kulturgunean. Sarrera, 5 euro (bazkideentzat, 3 euro).
MENDEXA
- Gaur, barikua.
- 18:00. Telazko poltsen tailerra, udaletxeko ganbaran.
- Etzi, domeka.
- 18:00. Aldarriak dokumentalaren proiekzioa, udaletxeko ganbaran.
- Azaroak 25, martitzena.
- 12:30. Elkarretaratzea, herriko plazan.
MUNITIBAR
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:00. Elkarretaratzea, bidegurutzean.
MUTRIKU
- Azaroak 25, martitzena.
- 19:00. Mobilizazioa, EMA gunetik hasita, Mari Matraka batukadarekin batera.
- Amaieran. Irakurketa, Goiko Plazan.
ONDARROA
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:00. Elkarretaratzea, Plazagainean. Lea-Artibaiko Itaiak deituta.
- 19:00. Manifestazioa, Zaldupeko zubitik Alamedara. Ondarroako Mugimendu Feministak deituta.
ZIORTZA-BOLIBAR
- Azaroak 25, martitzena.
- 18:30. Elkarretaratzea, elizpe aurrean.