Inoiz baino zabalagoa izan da 38. Berritxu Saria
Udazkeneko txapelketako finalak jokatu zituzten zapatu [azaroak 22] arratsaldean. Aurten sei mailatan banatu behar izan dituzte puntistak.
Berriatuko zesta eskola Berritxu Saria afizionatuetan erreferentziazko txapelketa da. Euskal Herriko zesta eskola askotatik etortzen dira Mendibarren frontoira arte udazkenean ia egunero zesta-punta partidak jokatzera: Andoain, Zumaia, Noain, Gasteiz edota Iparraldetik, besteak beste. Zapatuan [azaroak 22] jokatu zituzten maila guztietako finalak.
Hain zuzen ere, aurtengoa inoizko txapelketarik zabalena izan da: sei mailatan banatu behar izan dituzte puntistak. Gero eta ume gehiago dituzten harrobian, eta horren seinale da kadeteetan bi kategoria osatu behar izan dituztela lehen aldiz. Bigarren mailan, Enaitzek eta Ibaiek lortu zuten garaipena 25-21 Aitzol eta Jonen aurka. Lehen mailan, Izei eta Bustindui nagusitu ziren 30 eta 25 Kareaga eta Eriken kontra. Jubenil kategoriakoa izan zen finalik berdinduena, Lekuek eta Silvetik 30-29 irabazi zieten azken tantoan Txanton eta Enekori. 22 urtez azpikoetan, Maguregik eta Argoitia II.ak 30 eta 17 hartu zituzten mendean Bilbao VI. eta Patxi.
Nagusietan, emakumezkoen txanda izan zen lehenengo. Erika Mugartegi eta Arai Lejardi markina-xemeindarrek beraien nagusitasuna erakutsi zuten eta Naroa Merinori eta Maia Goikoetxeari irabazi zieten 30-17ko markagailuagaz. Gizonezkoetan, Xabi Arrasatek eta Gorka Mugartegi Atainek jantzi zuten txapela, finalean Aaron Gonzalez de Matauko eta Mattin Bereau gainditu zituzten: 30-21.
Finaletan ikusle asko elkartu zirela azpimarratu dute antolatzaileek, 16:30ean hasi zituzten sei mailetako finalak eta gauera arte luzatu ziren. Berriatuko elikagai eta artisau azoka izan zen goizean, eta egunari jarraipena ematekotan, asko izan ziren frontoira bertaratu zirenak. “Berritxu Sariak harrera hobea izaten du normalean San Gregorio Txapelketak baino ikusle aldetik”, gogoratu dute.
Berriatuko zesta eskolatik txapelketaren “maila bikaina” nabarmendu dute. “Sekula baino kategoria gehiago izan ditugu, Euskal Herriko txoko askotako puntistak etortzen direlako guregana. Zorionez, Mendibarren frontoiko erabilpena ia gurea da bakarrik, eta horrek antolaketa errazten du egunero ditugulako partiduak”.
Berritxu Saria txapelketak “ospea” duela diote eta puntistak “gustora” etortzen direla jokatzera. Profesionalen olatua baliatuz, harrobian gero eta ume gehiago dituztela azpimarratu dute: “Ondarrutik, adibidez, gero eta ume gehiago datoz guregana eta eguneko ordu guztietan daukagu frontoia beteta, pozgarria da”.
