Lekeitio aitzindari bihurtu da elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan
Azkue Natura Ikastolaren ekimenez, Lekeitio BHIk eta udalak Rexcatering proiektu berritzailea martxan jarri dute. Makina Limoneroan dago kokatuta, eta debaldekoa da.
Ikastetxeetako jantokietan kozinatu eta kontsumitu gabeko elikagaiak osasun neurrien baitan berreskuratu, eta herritarren eskura debalde ipini dituzte Lekeition. Azkue Natura Ikastolatik datorren proiektua da, eta helburu dute “janari soberakinenetatik sortutako zaborra saihestea eta elikagaiak alferrik ez galtzea”.
Eskolapeko Limoneroan kokatutako makinaren bitartez, herritar guztien eskura jarriko dituzte elikagai horiek, debalde, “nahi duenak nahi duena har dezan”. Horrela, beharrizana daukanak “duintasun osoz janaria eskuratzea errazten” dute.
Horrelako ekimenekin, Lekeitioko Udalak elikadura iraunkorragaz, ingurumen hezkuntzagaz eta ekonomia zirkularragaz duen “konpromisoa” erakusten du, “keinu txikiek onura esanguratsuak dakartzatela erakutsi nahi baita”.
Momentuz, Azkue Natura Ikastolak eta Lekeitio BHIk hartu dute proiektuaren ardura, Zero Zabor Fundazioaren laguntzagaz. Hala ere, aurreratu dute etorkizunean “herri mailara zabaltzea” dela erronka, “janari soberakinak izan ditzaketen establezimendu guztiek parte hartzeko eta Zero Zabor eredurantz pauso handiagoak emateko”.
Hain zuzen ere, Azkue Natura Ikastolako ikasleek ipini zuten martxan proiektua, ikasgelan egindako proiektu baten harira. Proiektua herriratu ostean, orain protagonista nagusiak ikastetxeetako ikasleak eta jantokietako langileak dira: “Jantokikoek beharrezko informazio teknikoa jaso ondoren, janari soberakinak ontzi biodegradagarrietan jartzeaz, beroaren bitartez zigilatzeaz eta ondoren osasun neurri guztiak bermatzeko tenperaturan jartzeaz arduratzen dira“.
Ikasleek “aktiboki” parte hartzen dute ontzien etiketatzean eta garraioan, hozkailu portatilen bitartez, Limoneroko makinara eramanez. Proiektua “ingurumen pedagogiarako eta gizarte eraldaketarako tresna” dela azpimarratu dute, “garapen Iraunkorreko Helburuetara eta baliabideen ustiapen egokira hurreratzen baititu belaunaldi berriak”.
“Elikagaiak alferrik galtzea arazo etikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa da”
Proiektu horren bidez, “eskualdean aitzindari bihurtu” da Lekeitio, elikagaiak alferrik galtzearen aurkako borrokan. Proiektu “pilotu” gisa aurkeztu dute, “daukan eragina ebaluatzeko eta etorkizunean hedapena emateko bidea zabaltzeko”.
Unean bertan elikagaiak erregistratu eta jarraipen zehatza egiteko aplikazio digitala da Rexcatering proiektuko beste elementu berritzaile bat. Sistemak datu zehatzak dituzten txosten automatikoak sortzen ditu; batetik, berreskuratutako, banatutako eta kontsumitutako anoa kopurua jasotzen du, eta bestetik, saihestutako ingurumen-inpaktua, CO2aren, uraren eta hondakin organikoen aurrezpena.
Eman duten datuaren arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako, Kataluniako eta Andorrako 45 ikastetxe eta adinekoen egoitzatan dituzte horrelako proiektuak. Elikagaiak alferrik galtzea “arazo etikoa, ekonomikoa eta ingurumenekoa” da: urtero munduan ekoitzitako elikagaien heren bat alferrik galtzen da, hau da, 1.600 milioi tona.