Azaroak 25: argazki galeria herriz herri
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, NBEk feminizidioen 2025eko txostena atera du, 2024ko datuak bilduz. 50.000 emakume eta neska hil zituzten haien bikotekideek edo senideek iaz mundu osoan. Hala jakinarazi dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Drogen eta Delituen Aurkako Bulegoak eta NBEko Emakumeen Sailak. Beste modu batera esanda, munduan ia 10 minutuan behin hiltzen du emakume bat haren bikotekideak edo senide batek.
Hilketa horietako gehienetan, bikotekideren edo senideren bat da hiltzailea. Iaz 83.000 emakume eta neska hil zituzten, eta horien %60 inguru bikotekide edo senide batek hil zituen. “2025eko feminizidio txostenak gogorarazten du biolentzia mota horri aurre egiteko beharrezkoa dela estrategia hobeak edukitzea eta zigor arloan aurrerapausoak ematea”, adierazi du NBEren Drogen eta Delituen Aurkako Bulegoko zuzendari exekutibo John Brandolinok.
2023ko datuen aldean, ez dago aldaketa nabarmenik. Duela bi urte 85.000 emakume hil zituzten, iaz baino 2.000 gehiago. Alderaketa horri, ordea, garrantzia kendu dio NBEk, eta argi utzi nahi izan du urte batetik bestera 2.000 hilketa gutxiago izatea ez dela egoerak hobera egin duen seinale, baizik eta datu zehatzak biltzeko zailtasuna erakusten duela.
Kontinenteetako datuei erreparatuta ere ez da aldaketa nabarmenik antzeman iazko txostenarekin alderatuta. 2023an bezalaxe, Afrikan hil zituzten iaz emakume gehien, 22.600 inguru. Eta Afrikaren ostean, Asian eta Amerikan gertatu ziren hilketa gehienak; 17.400 eta 7.700, hurrenez hurren.
Erasotzaileei erreparatuta, azken urteetako joera bera izan zen 2024an. Izan ere, NBEk landutako dokumentuak erakusten du iaz eraildako emakume gehienak bikotekideak hil zituela. Iazko datuek diote 50.000 feminizidioetatik %60 emakumeen bikotekideek eragin zituztela. Europan, esaterako, hamarretik zazpitan biktimaren bikotekidea izan da hiltzailea.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitzak azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren jarraipena egiten ari da herriz herri. Hemen dago eguneko argazki galeria osoa, herriz herri izendatuta, baita bideoa ere.