21. Abendurock: hamarkada berri baten hasiera
Mutrikuko Rock Kolektiboa 30. urteurrenaren baitan murgilduta dagoen horretan, 21. Abendurock barikuan hasiko da, Gaztetxean. Aro berri baten hasieratzat du kolektiboak aurtengoa, eta berritasunen bat zein beste prestatu ditu.
Mutrikuko Rock Kolektiboak urtez urte antolatzen du Abendurock jaialdia, “rock musikari bultzada emateko” asmoz. Aurten, jaialdiaren 21. aldia ospatuko da Mutrikun. Hamarkada berri baten hasieratzat dute kolektibokideek aurtengoa, eta, esan dutenez, “zenbait berritasun” uztartuko dituen egitaraua prestatu dute. Hori gutxi balitz, MRK-k 30 urte betetzen ditu aurten; 1995ean sortu zuten taldea, eta geroztik hamaika ekarpen egin dizkio Euskal Herriko rock musikari.
Aurtengoa “berezia” izatea nahi dute, beraz, eta hori lortzeko aldaketa eta hobekuntzaren bat zein beste prestatu dituzte. Izan ere, lehenengo hamar urteetan tabernarik taberna burutzen zen Abendu Rock. Gero, ostera, gaztetxean bakarrik. Aurten, “aro berriari eusteko” helburupean, berritasun batekin datoz Mutriku Rock Klubeko kideak. Hala nola, euren “hastapenak gogoratzeko” asmoz, tabernetako kontzertu bat sartu dute egitarauean, gaztetxekoez gain: “Hamarkada berri honetan erdibideko bide bat bilatu nahi dugu. Ehuneko ehunean tabernetara bueltatu barik, baina hori, gaur egungo bidean nolabait uztartuz. Horregatik, Zubiaram tabernarekin hitz egin genuen, eta kontzertu bat hor egitea lortu dugu”.
Hala, Zubiaram taberna musikatuko du kolektiboak, abenduaren 26an, Mihise taldearen kontzertuagaz. “Orain arteko bideagaz” jarraitu nahi dute, eta horren erakusle da prestatu duten eskaintza zabala. Inoiz baino lehenago hasiko da aurten Abendurock. Azaro bukaeran, hain zuzen. “Azaro amaierarekin batera, abenduan datorrena hartzeko motorrak prestatu nahi izan ditugulako aurreratu dugu egitasmoaren hasiera azaroaren 28ra”. Barikuan izango du hasiera, halaber, 21. Abendurock-ek; Dagger, Cold Noize eta Beretter taldeak oholtzaratuko dira Gaztetxeko oholtzara, 22:30eatik aurrera.
Bertsio Gaba.
3 hitzordu gehiago finkatu dituzte, ostera. Abenduaren 12, 20 eta 26an Pelax, Old Time Spooks eta Elvis Caino bezalako rock taldeak ikusteko aukera bermatuko du rock kolektiboak. Denak “oso interesgarriak” izango diren arren, aipamen berezia egin nahi izan diote MRK Gabari. Urtez urte Santo tomas egunean antolatzen dutela gaineratu dute, “zerbait berezia” egiteko asmoari segika. Bertsio gaba bezala izandatu dute kolektibokideek abenduaren 20a, alegia: “Abendurock gaztetxean egiten hasi ginenean abiarazi genuen ideia hori. Kolektiboko kideak parte hartzen dugu, gehienbat. Hala ere, kolektibokideak ez diren herritarrek ere parte hartu ohi dute sarri”.
Normalean iluntzean hasten dute Bertsio Gaba, baina aurten, jende gehiago bildu nahirik, kontzertuak arratsaldean hasteko hautua egin dute. “7 bertsio talde” igoko dira eszenatokira, eta esan dute “denetarikoak” direla oholtzaratuko diren musika talde horiek. “Talde ezagunen bertsioak nagusituko dira arratsaldean hasi eta gauera arteko musika talde desberdinen ahotan”, azpimarratu dute.
Sarrerak “borondatezkoak” izango direla nabarmendu dute, eta 30 urte horiei aipamen berezi bat egiteko, eta kamiseta batzuk jarriko dituzte salgai kontzertuetan bertan, nolabait urte guzti horietako “ibilbidea oroitzeko”.
Gainera, Abendurock-en ostean ere kontzertuak antolatzen jarraituko dutela gogoratu dute. Gauzak horrela, herritarrak eta ingurukoak animatu dituzte abendurocken parte hartzera, eta baita ere, urtean zehar antolatzen dituzten kontzertuetan izatera.
EGITARAUA:
Barikua.
22:30. Dagger, Cold Noize eta Beretter, Gaztetxean.
Abenduak 12.
22:30. Old TimeSpooks eta Pelax, Gaztetxean.
Abenduak 20.
19:00. MRK Gaba eta Elvis Caino, Gaztetxean.
Abenduak 26.
22:30. Mihise, Zubiaram Tabernan.