350 berriatuar inguru elkartuko dira Erroak Loran jaiko bazkarian
Lehen aldiz Krosa lehiatuko dute Berritxuarron Jaiaren barruan, zapatuan [azaroak 29]. Goikolau Sariko ardatza Berriatuko herri ondarea izango da.
Frontoi bete jende batu da Erroak Loran jaiko bazkarian Erroak Loran Berritxuarren Jaia da, San Gregorio jai nagusiez eta bestelako jaietaz gain, herritarrentzako ospakizuna da. Herrian errotuta dagoen jaia da Erroak Loran, berriatuarrek itxaroten dutenak, eta “bide luzea” duena. Horregatik, egitarauan ez dute aldaketa handirik egin, bazkaria izaten delako elkargune nagusia jaia barikutik [azaroak 28] domekara [azaroak 30] luzatzen bada ere. Goikolau kultur elkarteak eta Berriatuko Udalak elkarlanean antolatzen dute.
2014an sortu zuten Goikolau Saria eta ordutik herriko taldeen ekarpena eta lana herritarren aurrean aitortzeko ekitaldia da barikukoa. Orain arte talde edo arlo zehatzak aukeratu izan dituzte Goikolau kultur taldetik aitortza hori egiteko, baina aurten gai orokorragoaren aldeko hautua egin dute: Berriatuko herri ondarea hartu dute ardatz. “Aurten ondarea.berriatua.eus webgunea sortu dugu eta bertan dago herriko taldeen inguruko informazio guztia jarri nahi dugu. Eragileen lana eta balioa aitortzeko beste modu bat dela ikusten dugu, egunerokotasunean eta eskuragarriago”, esan dute.
Ordu eta erdi inguruko ekitaldi “ederra” prestatu dute kultur elkartetik. Orain arte herriko hamar talde omendu dituzte, baina aurten sari fisikoa baino orokorragoa izatea nahi dute. Aurkezpena egingo dute eta ikus-entzunezkoak ere prest dituzte. Musikarik ere ez da faltako elizako koruak zenbait kanta abestuko ditu, besteak beste Berriatuko ereserkia. Umeek ere beraien tartea izango dute abesteko. Goikolau Elkartearentzat transmisioa “oso garrantzitsua” dela diote: “Txikiei eta gazteei zertan ari garen lanean azaltzea inportantea da. Historiaren berri izan behar dute eta Goikolau Sarietan biziki parte hartu behar dute”. Karpako ohiko egitarauaz gain, ezustekoren bat edo beste prest daukatela aurreratu dute: 1964ko eta 1970eko irudiak dituztela esan dute.
Berritasuna
Egitarauko berritasun nagusia Berriatuko Krosaren data aldaketa da, zapatu [azaroak 29] goizean lehiatuko dute. Hirugarren aldia Urepel Kirol taldeak antolatzen duena, eta data egokia aurkitzeko arazoen aurrean egitarauan sartzea erabaki dute, datotan lasterketa asko egiten direlako: Egia-Iriondo, Lekitto Bixirik, Behobia-Donosti, Bilboko Herri Krosa… “Data egokia aurkitzeko arazoak genituen, eta krosa indartzeko eta hauspotzeko helburuagaz pasatu dugu Erroak Loraneko egitaraura”, esan dute udaletxetik.
Izen ematea egunean bertan egin behar da, doakoa da, 09:30etik aurrera, eta 10:30ean emango diote hasiera lasterketari. Parte hartzea eguraldiaren araberakoa izan ohi da, baina nabarmendu dute batez ere berriatuarrek parte hartzen dutela, “lasterketa herrikoia da”. 50 lagun inguru elkartzea aurreikusten dute. 5 kilometroko ibilbidea da eta baten edo bitan osatu daiteke. Herriko plazatik aterako dira eta Lantegi Batuak, Andonegiko zubia, Mugartegi baserria eta Cikautxoko bidegurutzea zeharkatuko dituzte. Parte hartzaileentzat sarien zozketa egingo dute amaieran, Hemen Bertokoa eta Spiuk markaren eskutik. Dutxa hartzeko aukera egongo dela gogoratu dut Urepeletik eta jan-edana ere ez dela faltako.
Hau da, krosa Erroak Loran jaialdiko egun luzeari aurre egiteko modurik onena izan daiteke: jan-edan bete-betean sartzeko aitzakia. 13:00etan Lami eta Maru erraldoiek kaleak hartuko dituzte beste behin eta jaiak eztanda egingo du. Mendibarren frontoian 350 lagun inguru elkartuko dira bazkaltzeko. Gaur [azaroak 26] izan da udaletxean tiketak erosteko azken eguna. Iratzar erromeriagaz luzatuko dute eguna eta gaua berriatuarrek nahi dutenera arte: 19:30etik 21:30era egingo dute kontzertuko lehen zatia eta 22:30etik 24:00etara bigarrena. Domekan [azaroak 30], 18:00etan, Nerea Gartzia eta Ainhoa Etxebarria ondarrutarrek Hil da jainkosa antzezlana eskainiko dute bideogelan Erroak Loran jaialdiari amaiera emateko.