Mankomunitateak etxeko zerbitzuan euskara bermatzeko arazoak dituela dio
Herritarrek egoeraren berri izan behar dutela uste dute, konturatu daitezen “zoritxarrez” gaur egun euskerazko etxeko zerbitzu bat izatea “pribilegio bat” bilakatu dela.
Lea-Artibai Mankomunitatea “kezkatuta” dago eskaintzen duten etxeko arreta zerbitzuan euskara bermatzeko arazoak dituelako. Zaintza euskaraz egiteko apustua egin dute mankomunitatean, eta horrek kontratazioa zailtzen duela adirazi dute. “Badakigu lan egiteko prest dagoen jendea badagoela, etorkin asko etorri baitira azkenaldian, eta horiek lanerako prestatuta daude. Baina guk zaintzen duen pertsona horrek euskara jakitea nahi dugu”, azaldu dute. Hain zuzen ere, horretan nabaritzen “zuloa”, horrelako jendea aurkitzeko “itzelezko zailtasunak” baitituzte.
Era berean, mankomunitatetik argi dute ez dela egoera puntual bat, kalean nabaritzen duten joera bat baizik. “Luzaroan izango dugun arazo bat dela ikusten dugu. Ze, batetik, etxeko zerbitzuaren gero eta eskaera handiagoa daukagu, zaindua izateko beharrizana ez baita murrizten. Baina guk bete nahiko genukeen hizkuntza baldintza hori daukagu”.
Eta, herritarrek egoera horren berri izan behar dutela uste dute mankomunitatekoek, bizilagunek jakin dezaten eta konturatu daitezen gaur egun “zoritxarrez” euskerazko etxeko zerbitzu bat izatea “pribilegio bat” dela. Lea-Artibai Mankomunitatetik “kezka handia” plazaratu dute, azken urteetan nabaritu duten bilakaera baita hori, baina egungo egoera “are eta agerikoagoa” dela nabarmendu dute. “Ikusgarritasun falta handia duen lana da gainera. Badago ikasten dagoen jendea, eta guk lana eman nahi diegu. Ez ditugu ateak ixten, baina hizkuntza baldintza gutxieneko hori bermatu nahiko genuke”.
Jakinarazi dutenez, orain arte, Lea-Artibai Mankomunitateak ez du hartzen euskara eskakizunak betetzen ez duen langilerik, ezta lan poltsan sartu ere. “Oso zurrunak” direla diote, euskararen aldeko “apustu handia” dutelako erakundean. Horregatik, mankomunitatearen eskutik ikastaroren bat edo beste antolatzeko ideia aztertzen ari dira, beste “ideia askoren” artean. “Formakuntza gurean izan beharko litzateke, kanpora joan barik, jarraipen bat egin ahal izateko. Horrelako proposamenak ditugu mahai gainean”, azaldu dute.
Hala ere, aitortu dute “konponbide perfekturik” ez dela existitzen, baina euskaraz komunikatzeko gai izatearen eta ez izatearen arteko bide horretan neurriak hartu nahi dituztela. Hala, bestelako adibideak, ereduak edo esperientziak aztertzen ari dira irtenbidea aurkitzeko. “Bestelako herri batzuetan gu bezain zurrunak ziren, baina alde batera egin behar izan dute eta baldintza malguagoak dituzte orain. Hau da, zaintzako formakuntza badutenak hartzen dituzte, euskaldunak izan ez arren”. Besteren artean, Bergara edo Arrasateko kasuak ekarri dituzte gogora.
Hausnarketa prozesuan daudela aurreratu dute mankomunitatekoek, baina zerbait egin beharko dutela ere adierazi dute: “Arazoa hor dago, eta ezer aldatzen ez badugu ez dugu uste konponduko denik; ez behintzat epe ertainera begira”, diote. Konponbidearen bila lanean dabiltza, eta, oraindik erabakirik hartu ez badute ere, baliabideak eta bestelako ekintzak aztertzen ari direla onartu dute.
“Ateak zabaldu” nahi dituztela diote, baina beste modu batera: “Gure eskualdea euskararen arnasgune nagusietako bat da eta hori zaindu nahi dugu. Era berean, herritarrek etxeko zerbitzuaren beharra dute. Beraz, ezbai handi baten aurrean gaude. Ez litzaiguke gustatuko horrelako egoera batean egotea, baina gaur egungo gure gizartearen errealitatea da”.