Mitosia taldea bueltan da zortzi urteren ostean
Lekeitiarrek EP berria kaleratu berri dute ‘Azken bala’ izenekoa.
Zortzi urte pasa dira Mitosia taldeak bere azken lana kaleratu zuenetik. “Indarberrituta” itzuli dira lekeitiarrak Azken bala izeneko EP lan berriagaz. Atsedenaldian indarrak “ederki” berritu dituztela diote eta euren sorkuntza berriak zale eta kritikariak harrituko dituela diote.
Taldearen erritmoa eta energia “are eta indartsuagoak” dira orain, batez ere, Joseba baxu jole berria batu zaienetik. Eskarmentu handiko musikaria da, besteak beste, Gas Limbo eta Nessun Dorma taldeetan aritu baita. “Bere estilo sendo eta berritzaileak taldearen soinua definitzen eta aberasten lagundu du”, esan dute.
‘Azken bala’ izeneko EP berrian, euren ohiko thrash-core estilo “gogorra eta zuzena” jorratzen jarraitzen dute lekeitiarrek, baina orain “bestelako ukitu batzuk” ere badira: melodia sarkorrak, erritmo motelagoak eta konposaketa landuagoak, adibidez. Bi abestiz dago osatuta iraupen laburreko diska hau: “Azken bala” eta “zipaioen matxinada” Negu gorriak taldearen cover bat. Mutrikuko AME estudioan grabatu dute lan berria Axular Arizmendiren gidaritzapean.
“Grabaketa prozesuan aukera izan dugu musikaren muinera heltzeko, oinarriak finkatzeko eta hutsetik eraikitzeko. Energiaz betetako soinu sakon bat lortu dugu eta egindako lana zuzeneko emanaldietan defendatzeko irrikatan gaude”. Laster kontzertu eta emanaldi berrien datak plazaratuko dituztela diote, “agertokiak hankaz gora jartzeko asmoz”.