Eguenean piztuko dituzte Gabonetako argiak Markina-Xemeinen
Piztu Dendak ekitaldiaren baitan, tonbolako sariak banatu eta Gabonetako argiak piztuko dituzte, 20:15ean.
Asteburuan piztu dituzte Euskal Herriko zenbait hiriburutako Gabonetako argiak, besteren artean, Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteizkoak, eta Lea-Artibai eta Mutrikuko kaleetan ere, laster Gabon giroa izango da nagusi. Markina-Xemeinen eguenean [abenduak 4] Piztu Dendak ekitaldia egingo dute, eta bertan piztuko dituzte Gabonetako argiak ere.
20:15ean izango da ekitaldia, udaletxe aurrean, eta argiak pizteagaz batera, tonbolako sariak ere banatuko dituzte. Izan ere, atzo [azaroak 30] eman zieten amaiera Hemen Be Baik urtero antolatzen duen tonbolari, eta guztira 2.000 euro izango dira banatuko dituztenak, deskontu eta bestelako sarietan banatuta. Elkarteko parte diren 46 establezimendutan egon da martxan tonbola: deskontua irabazi dutenek abenduaren 15era arte edukiko dute erabiltzeko aukera, eta produktu edo zerbitzua irabazi dutenek eguenean jaso beharko dute saria.
Argiei dagokienez, Markina-Xemeingo Udalak adierazi du egunero 23:00etan itzaliko dituztela Gabonetako argiak, egun berezietan izan ezik; horietan, gau guztian egongo dira piztuta.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, argazki lehiaketa ere egingo dute. Lehiaketako oinarriak datozen egunetan argitaratuko dituzte Markina-Xemeingo Udalaren sare sozialetan, baina aurreratu dutenez, Piztu Dendak ekitaldia hasteagaz batera ipiniko dute martxan lehiaketa, eta abenduaren 23ra arte egongo da argazkia aurkezteko aukera.