Jende ugari elkartu da Etxebarriko San Andres jaietan
Guztira 120 kilo txerriki eta 40 kilo talo kontsumitu dituzte. Etxebarriko Udala pozik agertu da jaiek eduki duten erantzunarekin.
“Jai giro ederrean” murgildu dira asteburuan etxebarritarrak. San Andres jaiak ospatu dituzte barikutik domekara, eta “uste baino jende gehiago” elkartu da herrian: “Atzo [azaroak 30] ospatu genuen San Andres Eguna, eta uste genuen domeka izanagatik jende gutxiago etorriko zela, baina alderantziz izan zen: zapatuetan egin izan dugunean baino jende gehiago etorri zen”.
Goizean umeek herri kiroletan aritzeko aukera eduki zuten. Arratsaldean, ostera, adin guztietako herritarrak elkartu ziren frontoian, eta horren erakusle da, hain zuzen ere, kontsumitutako txerriki eta talo kopurua: “Herritarrak nahiz kanpoko jendea etorri zen. Guztira 120 kilo txerriki eta 40 kilo talo kontsumitu zituzten bertaratu zirenek. Jende asko elkartu ginen, eta ezin hobeto amaitu genuen eguna herri afariarekin”.
Barikuan [azaroak 28], ostera, Euskararen Eguna ospatzeko tartea hartu zuten. “Oso ekitaldi polita” izan zela nabarmendu dute udal ordezkariek: “Umeek eskola landutako bertsoak abestu zituzten, eta ipuin lehiaketako sariak banatu ostean, jubilatuek abestu egin zuten eta txokolatada egin genuen. Ekitaldi polita eta xumea izan zen”.
II. Ipuin eta Kontakizun Laburren Lehiaketari dagokionez, guztira 33 partaide eduki ditu, eta epaileek azpimarratu dute “maila bikaina” egon dela: “Istorio, kontakizun, marrazki xelebre eta gai desberdin asko egin dituzte ipuinetan. Euskara maila jasoa izan da, eta ederto erabili dute. Hori nabaritu dugu aurkeztutako lan guztietan, eta aipagarria eta poztekoa da”. Hala, hauek izan dira irabazleak: Yatziri Urkia Gonzalezen Ardi maitagarria, Ane Guenaga Txakartegiren Lur eta Uxue, Ainhize Larrañagaren Herri tristea eta neskatila alaia, Maddi Guenaga Txakartegiren Liburua ala altxorra eta Ainhoa Guenaga Iruguenpagateren Elizpearen memoriak. Gaineratu dutenez, aipamen berezia jaso du Lia Aierdi Etxaberen Arkumetxo goxoa ipuinak.
Irabazle ugari. Ipuin lehiaketaz gain, San Andrees jaiak iragartzeko kartel lehiaketa ere egon zen abian, eta atzo [azaroak 30] banatu zituzten sariak. Nerea Mugerzak irabazi du nagusien saria, baina beste hiru sari ere banatu zituzten: Eki Muniozguren (0-5 urte), Lexuri Ezenarro (6-9 urte) eta Olatz Gomez (10-16 urte) izan ziren irabazleak.
Kartel lehiaketako sariak banatu aurretik briskan ibili ziren herritarrak. Gazteen mailan Maddi Guenaga eta Nora Errasti izan ziren irabazleak, eta nagusietan, ostera, Gari Salcedo eta Joseba Etxaniz.