Komunitatea indartzeko, beste pausu bat
Desanexioaren 21. urteurrena ospatu dute Ziortza-Bolibarren. Mendi ibilaldia egin zuten goizean, eta Asisko Urmenetarekin solasaldia, arratsaldean.
21 urte dira Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik desanexionatu zenetik, eta orduztik, urteroko ospakizun eguna dute azaroaren 30a. Hala, atzo ere hartu zuten ospakizunerako tartea, eta Ziortza-Bolibarko Udala pozik agertu da erantzunarekin: “Komunitatea indartzeko egun bat izan zen; horretan dihardugu etengabe, eta atzokoa beste bat izan zen”.
Goizean mendi ibilaldia egin zuten 50 herritar inguruk: “Ondo joan zen. Euri apur bat egin zuen, baina gustura ibili ginen. Euriaren eraginez ibilbidea apur bat aldatu genuen basa gutxiago zegoen bideetatik ibilbitzeko, eta ez genuen arazorik eduki”. Gehienak herritarrak izan ziren arren, inguruko herrietakoek ere parte hartu zuten ibilaldian, eta goiza amaitzeko kopaua egin zuten denek elizpean.
Arratsaldean, ostera, Asisko Urmenetak ondu duen Sorgina banaiz dokumentala ikusi, eta solasaldia egin zuten egilearekin. Osoko bilkura aretoa beteta, gustura hartu zituzten herritarrek Urmenetaren hausnarketak: “Dokumentalak sorginak eta akelarreak historikoki zer izan ziren jasotzen du, eta bereizi egiten du mitologiak zer esanahi eduki duen eta errealitatean historikoki zer izan den. Herri zapaldu baten ikuspegitik horrek guztiak zer esan nahi izan duen aztertu du dokumentalean. Asiskoren azalpenak oso ondo egon ziren, eta herritarrak gustura egon ziren”. Dokumentala ekonomikoki babesteko aukera egon zen, eta Ziortza-Bolibarko Udalak ekarpena egin zuen proiektua aurrera eroateko.
