Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko behin betiko proiektua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Bariku [azaroak 28] goizean Portu Kontseiluak Mutrikuko portuko babes-dikea sendotzeko behin betiko proiektuaren xehetasunak ezagutu zituen. Arratsaldean herritarrek izan zuten proiektuaren berri.
Portu Kontseiluak lanaren xehetasunak ezagutu zituen bariku goizean.Eusko Jaurlaritza. Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko portuko dikea sendotzeko behin betiko proiektua aurkeztu zuen bariku [azaroak 28] goizean Portu Kontseiluaren aurrean, eta arratsaldean, herritarrei bideratutako aurkezpena egin zuten. Proiektuaren helburua dikearen egonkortasuna bermatzea, itsas sarrera hobetzea eta kirol-kaiko barne-uhertasuna murriztea dela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzatik: “Obrak segurtasuna eta kostaldearen erresilientzia indartzeko aukera emango du herri honetan”.
Bariku goizean Portu kontseiluko kideek lanaren xehetasunak ezagutu ondoren, arratsaldean herritarren txanda izan zen. Bertan, azalpenak eman eta suertatu ziren zalantzak argitu diren. “Helburua proiektu giltzarri honen inguruko prozesu gardena eta parte hartzailea bermatzea da, bai portuaren etorkizunerako bai herriaren beraren onerako”.
Mutrikuko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioan jaso zen bezala, proiektu honekin, dikea muturreraino egokituko da, muturra desmuntatu eta luzapen baten bidez egitura amaituz. 10.750.000 euroko aurrekontuarekin eramango da aurrera proiektua, eta duela bi hamarkada aurreikusitako dikearen luzera murriztuko da.
Amaia Barredo sailburuak Mutrikuko herritarren “ongizaterako” inbertsioa dela azpimarratu du: “Obra honek Mutrikuko herritarren ongizatean egindako inbertsio zuzena dakar. Proiektu honekin herriaren eskaera historiko bati erantzuna ematen zaio, eta seguruagoa, irisgarriagoa eta itsasoz gozatzeko espazio berriak izango dituen ingurunea sortzen dugu”. Horrez gain, Barredok adierazi duenez, proiektu honek EAEko dikeak sendotu eta egokitzeko epe laburreko interbentzio nagusiak osatzeko aukera emango du.
Nahiz eta lanak duela hogei urte hasi ziren, egungo testuingurua eta beharrak “ezberdinak” direla aitortu du Eusko Jaurlaritzak: “Oraingo esku hartzeak klima aldaketarekin lotutako olatuen eraginaren aurrean azpiegituraren egonkortasuna bermatzea da helburua; hala, itsas sarrera hobetzea eta kirol-kaiko uheraldi maila murriztea bermatuko du, jarduera portuari baldintza seguruagoak emanez”. Gainera, obraren eremua zolatzeko lanak, dike-sarrerako bidean argiteria eta drainatzea instalatzea, eta azpiegiturak babestutako aisialdi-eremu berri bat sortzea jasotzen ditu lanak,”itsasoz gozatzeko eta ur-jarduerak egiteko pentsatuta”.
“Lan honekin, Eusko Jaurlaritzak aurrerapauso bat ematen du 2014 eta 2016ko denboraleen ondoren ezarritako helburu estrategikoetako batean: azken urteetan erregistratu den olatuen inpaktu energia ezohikoari aurre egiteko portu azpiegiturak indartzea”, zehaztu dute Eusko Jaurlaritzatik.