Txapeldunek Gabonetako miraria beharko dute
Jean Dominique Olharanek eta Gorka Sorozabalek Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea garaitu dituzte Eusko Label Winter Seriesean. Garaipenak finalaurrekoetarako ia sailkatuta utzi ditu laranjak; txapelketaren defendatzaileak, ordea, egoera oso delikatuan geratu dira.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Aurtengo Eusko Label Winter Seriesak egun arte emandako neurketarik ikusgarrienetakoa bizi izan zuen atzo [abenduak 1] Jai Alaik. Azken urte bietako txapeldunek, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak, ez dute aurtengo ekitaldia iraganeko irmotasunez ekin, eta atzokoan ere sufritzea egokitu zitzaien. Johan Sorozabal ordezkatu zuen Jean Dominique Olharan pauetarra eta Gorka Sorozabal miarriztarra hautagaiei gauzak gaitz ipintzeko erabateko intentzioz kantxaratu ziren, eta halaxe egin zuten. 539 pilotakada on jaurti zituzten lehiak iraundako 86 minutuetan, eta bikote lapurtarrak, hirugarren setean zirt edo zart eginda, garaipen erraldoia lortu zuen. Faboritoek, sailkapenari eusteko, den-dena bikain egin beharko dute aurrerantzean, eta gainontzeko partiduen emaitzen esperoan egon.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Olharanen eta Sorozabalen lehen seta zeharo gogoangarria izan zen. Johanen ordezko modura arituagatik ere, pauetar aurrelariak txapelketa osoa jokatu duenaren freskotasuna plazartu zuen hanka aldetik, eta solidaritatea alde defentsibotik. Erkiagaren jokoa kontrolpean mantentzea zuten jomuga, eta alde horretatik giltzarri izan ziren Sorozabalen eskumakadak, partiduaren gidalerro. Bina berdindu ondoren, bikote laranjak agintea hartu zuen, baina markagailuak aginte hura set erditik aurrera bistaratu zuen. Pantera arrosak, beren aldetik, deseroso aritu ziren uneoro, jokoan sartu ezinik. 11 eta 15ekoagaz biribildu zuten estreinako seta, Iparraldekoen alde.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarrena hasteagaz batera, egoera errotik aldatu zen. Erkiagak aginte makila hartu zuen, baina ez arerioen jokoa dominatzeko bezainbeste. 7 eta 6ra arte, ondo eutsi zuten laranjek, baina, ordutik aurrera, ispastertarrak bere legea ezarri zuen. Ez, ostera, Ibarluzeak: atzelariak ez zuen egunik onena bizi. 13 eta 6raino alde egin ondoren, 15 eta 8ko markagailu erosoagaz gailendu ziren larrosak. Partidua berdinketa haustean erabakiko zen, horrenbestez. Azken set hartan, borroka handia egon zen bikote bien aldetik. Amaierarik gabeko eta tentsioz beteriko tantoaren ostean, Sorozabalek huts bat egin zuen, eta Erkiagak eta Ibarluzeak 4 eta 2rako bidea egin zuten. Atoan iritsi zitzaien Olharanen erantzun bortitza: 4 eta 3. Gero, ispastertarrak akats bat egin zuen, launa berdintzera eroan zituena. Kale edo bale eginda, Sorozabalek garaipen baten balioko pilotakada boteretsua jaurti zuen.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Ia finalaurrekoetan.
Seigarren jardunaldian nagusituta, Sorozabal anaiek —hurrengo jardunaldian Johan itzultzea aurreikusita dago— hanka bat finalerdietan dute. Erkiagak eta Ibarluzeak, aldiz, berdinketa hirukoitza beharko lukete, aurrera egiteko. Abenduaren 29an, Alex Goitiaren eta Unai Lekerikaren aurkakoa nahitaez irabazi beharko dute, eta, lehia hori orduko, markina-xemeindarrak eta gernika-lumotarrak Ludovic Ladutxe getariarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren aurka jokatuko duten partiduaren pentsutan egon beharko dira. Oso zaila da, baina ez ezinekoa. Gabonetako miraria bailitzan.